Txaparreneko eraso matxista gaitzetsi du udalak
Udalak elkarretaratzera deitu du astearte goizerako.
Ertzaintzak 26 urteko gizon bat atxilotu zuen ostiralean Donostian, ostegunean Intxaurrondoko Txaparrene pasealekuan emakume bat bortxatu izana egotzita. Eraso matxista horren aurrean, Donostiako Udalak alderdi guztiek sinatutako erakunde adierazpena argitaratu du, erasoa “irmotasunez gaitzetsiz”. Hain zuzen ere, elkarretaratzea egingo dute bihar (hilak 19) Alderdi Ederreko lorategian, eta hirian egiten diren gainontzeko deialdiekin bat egin du udalak.
Horrela, “babesa eta elkartasuna” adierazi diote “eraso tamalgarri honen biktimari, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere”. Era berean, gogorarazi dute “indarkeria egoerak pairatzen dituzten edo pairatu dituzten emakume guztiek, laguntza behar eta nahi izanez gero, udalak dituen zerbitzu eta baliabideetara jo dezaketela”.
“Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta udalak guztiak gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizarte, mugimendu feminista eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Eta sexuen hezkuntza lantzea, horiek kudeatzeko trebetasunak eta baliabideak emateko. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela”, gaineratu dute adierazpenean.