Hariberria zentroa ireki dute Grosen, sexu indarkeriari arreta egiteko 24 orduko zerbitzua
Gipuzkoako Foru Aldundiak sexu-indarkeriari arreta integrala emateko foru zerbitzua inauguratu du Grosen. Hariberria eguneko 24 orduetan egongo da martxan, urteko 365 egunetan. Berehalako arreta integrala eta espezializatua eskaintzeko diseinatuta dago, sexu indarkeria motaren bat jasan edo pairatu dutela susmatzen duten emakumeei, haien familiei eta ingurune hurbilari.
Zentroak zerbitzu integrala eskaintzen du, emakumeen eskubideei eta aukerei buruzko informazioa eta orientazioarekin; laguntza psikologikoa eta soziala ere eskaintzen dira bertan, “emakumeen errekuperazio prozesua errazteko”. Aholkularitza juridikoa eskainiko du baita ere, emakume biktimei behar dituzten legezko izapideetan laguntzeko. Zerbitzu horiek ingurune “seguru eta konfidentzial batean eskaintzen dira, hainbat beharretara egokitutako espazio batean, eta pertsona bakoitzaren “erritmoak, erabakiak eta intimitatea errespetatuz”.
Lokalaren aurrekontua, guztira, 950.000 euro ingurukoa izan da; horietatik 400.000 euro espazioa egokitzeko erabili dira, eta lokala erosteko, berriz, 550.000 euro.
Eider Mendoza diputatu nagusiak “berdintasunaren bidean aurrera egiteko premia” azpimarratu du, “kolektiboki, diskurtso ukatzaileei” aurre eginez, “indarkeria matxista gure gizartetik desagerrarazteko”. “Zentro honek urrats sendoa ematen du norabide horretan, indarkeria matxistari arreta emateko sare osoa indartuz”, adierazi du, eta nabarmendu du zerbitzuak ez duela soilik zentro horiek fisikoki irekitzea aurreikusten, baizik eta horren atzean “lan handia” egin dela arreta-eredua zehazteko.
Donostiako alkate Eneko Goiak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskertu dio Donostian zerbitzu hau behin betiko kokatu izana, eta honakoa gaineratu du: “Gaur irekitzen den gune hau hirian ematen ditugun zerbitzuen gehigarri izango da, eta beharra duten emakume guztiei laguntzen jarraitzeko aukera emango digu, merezi duten arreta pertsonalizatuarekin eta sentsibilitatearekin”
183 kontsulta behin-behineko zentroan
Uztailean behin behineko lokala ireki zen Erdialdean eta zentroak 183 kontsulta inguru jaso ditu; horietatik 92 profesionalek egin dituzte, 80 biktimek, 7 senideek eta 4 inguru hurbilekoek. Arreta hori aurrez aurre, telematikoki, linean edo telefonoz ematen da, eta teknikariak biktima dagoen lekura joateko prest daude, zerbitzuaren lurralde-estaldura bermatzeko. Eskainitako zerbitzuei dagokienez, laguntza psikologikoa eskatu da gehien, lege aholkularitzaren ondoren, eta, azkenik, gizarte langilearen laguntza.