LQNTCDD taldeak elkarretaratze guztiak bertan behera utzi ditu, kontramanifestazioen ondorioz
Instagram eta Telegram kanaletatik zabaldu duenez, Lo Que No Te Cuentan De Donosti taldeak, bertan behera utziko ditu iragarrita zituen elkarretaratze guztiak. Argitu dutenez, joan den larunbatean izandako kontramanifestazioaren ondorioz utzi dituzte bertan behera mobilizazioak, “haien kideen segurtasuna” ezin dutela bermatu argudiatuta.
Honela azaldu dute: “Kontramanifestazio bati aurre egin behar izan genion, bertaratutakoen aurkako irainak, probokazioak eta eraso saiakera tamalgarriak ezaugarri zituena. Gatazken aukerari buruz aldez aurretik ohartarazi bagenuen ere, Ertzaintzaren jarduera, gure ustez, ez zen nahikoa izan gure segurtasuna bermatzeko. Azkenik, bi kontzentrazioak modu ekitatiboan desegin ziren, eta erabaki hori bidegabea dela uste dugu”.
Edonola ere, talde erreakzionarioak egindako deialdia porrot gisa definitu zuten haiek sare sozialetan, larunbatean bertan. Hasieran, ez ziren hamar lagunera iristen, eta uneren batean, 30 inguru izan ziren, gehien-gehienez. Aldiz, deialdi antifaxista babesten, gutxienez 300 lagunek hartu zuten parte.
LQNTCDD taldeak joan den urrian egin zuen lehenengo elkarretaratzea, Egiako Kaleko Afari Solidarioak banatzen ziren ordu eta leku berean, eta izandako zalapartaren ondorioz, udalak debekatu egin zituen afariak Egian. Elkarretaratze horretan Alderdi Popularreko hiru zinegotziek parte hartu zuten, hainbat ekintzaile antirrazista irainduz. Horren ondorioz, taldearen inguruko kezka eta haserrea zabaldu da hainbat sektoreren artean —Eneko Goia alkateak berak ere kritikatu zituen— eta horren harira, izandako kontramanifestazioak.
Hedabide honek erreportaje zabala egin zuen taldearen inguruan eta eskuin mutur berriaren gorakadaren inguruan. Hemen irakur daiteke, Segurtasuna ala eskuin mutur berriaren amua?