Santa Klara irlako tabernaren bideragarritasuna aztertuko dute
Uda sasoian, Santa Klara irlako taberna ireki ohi dute. Bisitatu ohi duten erabiltzaile eta turistei zerbitzua ematea du helburu, komun publikoak eskaintzearekin batera. Hamabost urte baino gehiago daramatza martxan tabernak, hainbat lehiaketa publikoren bidez. Azken lizitazioa 2022an egin zen, eta kontratu horren iraupena hiru denboraldikoa izanik, 2025ean berriz ere lizitatu beharko da.
Donostiako Udalak tramitazioa hasi aurretik, tabernaren emakidaren bideragarritasun ekonomikoa aztertuko du. Gainera, hilabeteko epean jendaurrean jartzea aurreikusi dute.
Emakidaren bidez, taberna zerbitzuaren eskaerari erantzun nahi diote, eta beharrak zeintzuk diren zehaztu dute. Lehenik, erabiltzaileen beharrei erantzutea, edariak, izozkiak eta beste produktu batzuk salduz. Inola ere ez da baimenduko elikagaiak manipulatzea edo adingabeei edari alkoholdunak saltzea. Bigarrenik, alergiak eta intolerantziak dituzten pertsonentzat egokiak diren produktuen kontsumoa sustatzea. Eta hirugarrenik, erabiltzaileen ingurumen sentsibilizazioa, botila eta edalontzi berrerabilgarrien bidez zerbitzua eskainiz, eta sortutako hondakinentzako gaikako bilketarako zakarrontziak jarriz.