Ahozko eta idatzizko hizkuntzaren sorrera aztertu du Irigaraik bere azken lanean
Parte Zaharrean bizi den Jose Angel Irigaraik (Iruñea, 1942) bere azken liburua argitaratu berri du Pamiela argitaletxean: Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz. Irigaraik berak ere onartu du “inoiz ez” lukeela pentsatuko honelako liburu bat argitaratuko zuenik. Homo sapiens-ak hizkuntza sortu zuenetik, gaur egunera arte, ahozkotasunaren eta hizkuntza idatziaren ibilbidea jasotzen duen saiakera “labur baina sakona” da honakoa, Lander Majuelo editorearen hitzetan. Milaka urteren garapena jaso baino, hainbat mugarri batu ditu Irigaraik, gaiak sortzen dion liluragatik.
“Gizateriaren soka luzean zinezko mugarriak” dira hizkuntzaren sorrerak, eta soka horren “katebegi” gara gu geu ere, Irigarairen ustez. Mesopotamiako uruk herria, feniziarrak, txinatarrak, greziarrak, Alemaniako erromantikoak… Kasik mundu osotik igaro da Irigarai, hizkuntzaren sorreraren jakin-minak gidaturik.
Bertsolariak
Ahozkotasunean bizi izan da gizakia urte gehien, eta egun ere, ahozkotasuna du garrantzitsuen: “Ahozkotasunean sortzen dira hizkuntzak, baita gaur egun ere”. Eta, horretarako, komunitatea da funtsezkoena, Irigarairentzat.
Historian zehar poetek izandako paperaz hausnartu du saiakeran, haiek baitzirelako —eta, egun ere, hainbat herritan hala direlako—, komunitatearen etika, arauak eta balioak zabaltzen zituztenak. Zentzu horretan, euskal bertsolariak ere, halako funtzioren baten “arrasto” gisa ikusten ditu Irigaraik. Testuinguru berezietan, non jendea ere “modu berezian dagoen, adi”, halako papera betetzen dutela uste du: “orakulu gisa” eta “subkontziente kolektiboan” txertatuz mezua.
Gai unibertsalak Euskal Herriarekin duen lotura arakatu du, bertsolariez harago, eta erromantikoen garaira egin du salto. Alemaniako arrazionalismoari aurre egiteko modua izan zen “ahozkotasunera itzultzea”, hor bilatuz bestelako joera eta ideiak. Honela, Euskal Herrian, “intuizio gisa” ere garatu zen bilaketa erromantikoa, eta hori ere jaso du liburukian.
Liburu laburra, baina katebegi luzea
Liburuaren azala Antonella Gandiniren In cammino [bidean] margolana da, eta ez alperrik: Irigarai ere gizateriaren bide luzean kokatzen delako. “Soka luze horren katebegi izatea sentittzeak, poztu egiten nau”. Eta umorez gehitu du, ekarpenak, akaso asko ez direla onartuz: “Sokabegi urgazle naiz akaso; baina gazte, oraindik denbora dut, sokabegi osoa bilakatzeko”.