Realak bigarren taldekoekin ekingo dio Kopari
Imanol Alguacilek 21 jokalari eraman ditu Alacantera, gehienak harrobikoak.
Datarekin desadostasuna agertu eta epaitegietara jo arren, Realak gaur hasi beharko du 2024-2025eko Espainiako Koparen ibilbidea. Jove Español San Vicente taldearen aurka ariko dira Rico Perez futbol estadioan, 21:00etan. Espainiako Futbol Federazioaren hirugarren mailako 6. multzoan jokatzen du aurkariak.
Deialdia osatzeko zailtasunak izan ditu Imanol Alguacilek, selekzioekin aritu direlako lehen taldeko jokalari batzuk, eta beste batzuk min hartuta daudelako —Oskarsson eta Sadiq azken unean, esaterako—.
Ondorioz, bigarren taldekoekin osatu behar izan du deialdia, eta, guztira, 21 jokalari izango ditu haren aginduetara. Lehen taldekoak hamaika dira: Marrero, Odriozola, Aihen, Pacheco, Gonzalez de Zarate, Olasagasti, Turrientes, Marin, Barrenetxea, Sergio Gomez eta Magunazelaia. Aldiz, bigarren taldekoak bederatzi: Fraga, Balda, Ruperez, Beitia, Goti, Rodriguez, Mariezkurrena, Marchal eta Orobengoa.
Etxeko jokalariekin gainditu beharko du Realak Kopako lehen kanporaketa.