«Egoera gordinak jasateko modu bakarra goxotasuna da»
Arduratzen duten gaiei buruz idazten du Itxaso Martin Zapirainek (Gros, 1981). 'Puntobobo' bigarren eleberrian emakumeen sufrimendua, osasun mentala eta familiarteko dinamikak landu ditu, besteak beste. Urtetan buruan izan duen istorioa idazteko eta kontatzeko unea iritsi da.
Kazetaria eta antropologoa zara. Bigarren eleberria kaleratuta, idazlea ere bazarela esan dezakegu?
Egia da kazetariok eta antropologook idazten dugula. Egia da ere lehen eleberria kaleratzean ez nuela neure burua idazle moduan ikusten. Hitz handi samarra zen. Orain, bigarrena argitaratuta, izan liteke, bai; idazlea naiz.
Hamabi urte luze dira ‘Ni, Vera’ estreinako nobela kaleratu zenuenetik. Ordutik, badirudi denbora asko pasatu dela. Orain, ‘Puntobobo’ bigarren eleberria kaleratuta, nola sentitzen zara?
Orain, ondo. Hamabi urte eta tesi bat pasatu dira. Tesia aipatu nahi dut, lan gogorra izan zelako. Burmuina lehortu zitzaidala sentitu nuen. Idaztea beti izan da niretzat beharrizan bat, eta bigarren nobelari begira, ideiak nituen buruan, saiatzen nintzen zerbait idazten, baina blokeatu egiten nintzen. Uste dut tesiak eragin zuzena izan zuela horretan. Ahalegin handia eskatu zidan, eta distantzia moduko bat behar nuen behar bezala idazteko. Dena dela, lortu dut bigarren eleberria kaleratzea, eta deskonpresio moduko bat sentitu dut. Idazteko gai naizela erakutsi diot neure buruari, eta bide horretatik jarraitu nahi dut.
Hain zuzen ere, zenbaterainoko lotura du 2016an argitaratu zenuen ‘Eromena, azpimemoria eta isiltasunak idazten: hutsune bihurtutako emakumeak garaiko gizartearen eta moralaren ispilu’ doktore tesiarekin?
Egia esan, tesiak lotura zuzenagoa du Ni, Vera lehen eleberriarekin. Izan ere, nire birramonaren kasua du ardatz nobelak. Ondoren, ikerketa bat egin genezakeela ohartu ginen Mari Luz Esteban tesi zuzendaria eta biok. Tesi bat idazteko ezin zara kasu bakarrera mugatu, eta ikerketa gaia zabaltzea erabaki nuen. Horrela, tesiko protagonistak zortzi emakume dira. Veraren antzeko kasuak dira, guztiak psikiatrikotik pasatutakoak. Horretarako, psikiatriko batean aritu nintzen lanean, batez ere, artxiboan. 1937tik 1950era bitartean ingresatuta egon ziren 500 bat pazienteren historiak irakurri nituen. Hortik atera nuen tesia.
Bigarren nobelak ere badu lotura moduko bat tesiarekin. Batez ere, gizartearen bazterrean egon daitezkeen hainbat emakumeren bizitza agertzen delako. Tesiaren bidez, ikasi nuen bazterrak oso garrantzitsuak direla erdigunea osatzeko. Askotan, bazterrak erabiltzen ditugu pertsonak mehatxatzeko eta erakusteko ustezko bide zuzenetik ez bazoaz gaizki bukatuko duzula.
Beti erakarri izan nau horrek. Era berean, tesian bazegoen familia barruan horrelako egoerek sortzen duten isiltasuna eta tabua. Eta nobelan hori ere etengabe nabaritzen da, ezkutatzen den zerbait. Ez da aipatzen, baina sekulako presentzia hartzen du. Dinamika guztiak baldintzatzen ditu.
Dena dela, nobelan kontatzen dudana fikzioa da, Ni, Vera eleberriaren eta tesiaren kasuan ez bezala.
Buruan eta barruan zenuen hori islatzea, irudikatzea eta askatzea lortu duzu eleberrian?
Uste dut baietz. Guztiz esatea zaila da, buruan duzun hori paperera eramatea ez delako erraza, hitzak ez direlako nahikoa. Nire estrategietako bat izaten da esaten ez den horri ere tartea ematea. Hiru puntuak asko erabiltzen ditut. Nobelaren aurkezpenean aipatu zen nobela honekin erraza dela irudiak osatzea.
Sortze prozesuaren aurrekoa da ideia. Noiztik zenuen buruan halako istorio bat kontatzea?
Tesiaren garaitik, gutxi gorabehera. Egia da Ni, Vera idatzi nuenean, beharrezkoa nuela eleberri bat izatea eta ez tesi bat. Momentu hartan ez zitzaidan horren jasangarria egiten horri buruz idaztea. Tesiak eskatzen zidan psikiatriko batean sartzea, bertan barruan ikerketa bat egitea, eta ni ez nintzen gai sentitzen une hartan. Horregatik, nobelara jo nuen.
Tesiarekin, berriz, bestelako gai batzuk aztertu nituen, eta psikiatrikoan bertan konturatu nintzen momentu askotan amatasunak bazuela zerikusia emakumeen sufrimenduarekin. Hortik sortu zitzaidan ideia bigarren nobelarako. Gerora garatu nuen ideia, baina abiapuntua hor izan zela esango nuke.
“Egia esan, ez dakit beste modu batera idazten. Ez dakizkit idazten guztiz asmaturiko istorioak”
Saiakera batzuk egin ondoren, gaixoaldi batek eragindako etenari esker egituratu eta idatzi ahal izan zenuen, ezta?
Bai, horrela gertatu zen. Eleberriaren ideia buruan nuen arren, azken bultzada egoera zail batean iritsi zen. Haurdun nengoen eta haurdunaldi oso gogorra izan zen. Arriskutsua zen niretzat eta haurrarentzat. Ingresatuta egon nintzen denbora luzez, odoljario gogorrak nituelako. Ondorioz, medikuek esan zidaten guztiz geldirik egon behar nuela. Asteak eta hilabeteak pasatu nituen horrela. Neure buruak egin zitzakeen gauza bakarrak irakurtzea eta idaztea ziren. Beste bi haurrak ikastolan zeuden, eta ordu asko pasatzen nituen bakarrik eta mugitu gabe. Horregatik, neure buruak aldentzeko beharra zuen. Ihes egiteko modu bat izan zen. Guztiz lagungarria izan zen niretzat, blokeo egoeratik atera ninduelako. Ondorioz, nobela bukatu ahal izan nuen.
Aro zail horretan, asko irakurri zenuela aipatu duzu. Irakurritako zein liburu edo autore nabarmenduko zenuke?
Emakumezkoen liburuak irakurri nituen. Gainera, azkenaldian hori da nire irakurketa mota bakarra, emakume idazleen literatura. Erosoago sentitzen naiz horrela, gertuago sentitzen ditudan gaiak jorratzen dituztelako, eta idazteko zein lantzeko moduarekin bat egiten dudalako.
Asko irakurri nuen garai hartan, liburu batek beste batera eraman ninduen etengabe. Batzuk aipatu ditzaket, eta bereziki bat, erreferente gisa har daitekeena: Cristina Moralesen Lectura fácil. Beste batzuk dira Jeanne Benameurren Las retrasadas, Aurora Venturiniren Las primas eta Ines Cagnatiren Génie la loca. Idazteko modua eta gaia bera oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan. Aurkitu ditudan altxorretako batzuk dira aipaturikoak.
Idazketari dagokionez, esan daiteke zure barrenetik egin duzula?
Egia esan, ez dakit beste modu batera idazten. Ez dakizkit idazten guztiz asmaturiko istorioak. Noski daudela erreferentziak eta sentsazioak. Amatasunak ere gauza asko planteatzera eraman nau. Zer eskatzen digun gizarteak ama garenoi, zer nolako erreakzioak ditugun eta nola epaitzen diren. Gaur egun, badirudi izan behar zarela ama sutsu bat. Badirudi gida liburu guztiak irakurri behar dituzula, eta, batez ere, amatasuna nola bizi behar den esan behar dizutela. Gainera, ama izatea gainetik kendu ezin duzun ezaugarri bat bihurtzen da. Hau da, etengabe zarela ama eta betirako. Ordea, beste hainbat gauza egin nahi dituzu, eta, noski, egin ditzakezu.
Eleberriak nire esperientzia pertsonala islatzen du. Hainbat ama agertzen dira, eta bakoitzak dauka bere egiteko modua. Oso garrantzitsua da hori nobelan.
Liburuaren aurkezpenean, hitzak neurtu zenituen. Esaterako, esan behar eta nahi ez duzuna da eleberriaren abiapuntua. Elkarrizketa honen bidez zerbait gehiago aurreratu zenezake?
Esan nahi ez dudan hori da liburuaren gauzarik garrantzitsuena. Baina pena ematen dit kontatzeak. Ez da soilik spoiler moduko bat egitea. Iruditzen zait irakurleak bere buruarekin egin beharreko ariketa bat dela. Hau da, bukaerara iristean zeure buruari galdetu beharko zenioke: zergatik ez dut hau lehenago imajinatu? Zergatik ez da nire aukeren artean hau sartu? Gogoeta horrek zerikusi zuzena du nik iturburu izan nuen gaiarekin. Pixka bat aurrerago hitz egin daitekeela uste dut, baina momentuz, ez.
Hiru hitzetan laburbildu zenuen eleberria: «Goxoa bezain gordina». Zergatik?
Egoera gordinak jasateko modu bakarra goxotasuna da. Era berean, askotan goxotasun horrek eraman gaitzake egoera gordinetara. Protagonistak diren emakumeak egoera konplexuetan bizi dira, baldintza txarretan, eta goxotasunak soilik laguntzen die hortik ateratzen. Gainera, euren arteko goxotasuna, elkarri eman behar diotena. Izan ere, kanpotik jasotzen dutena guztiz kontrakoa da. Idatzi nezakeen era are gordinagoan, baina niretzako gogorregia izango zelakoan, goxotasun pixka bat behar nuen.
Liburuan bada pasarte bat, idatzi eta berridatzi dudan bakoitzean negarrez bukatu dudana. Kapitulu baten bukaera da, eta ohera joan nintzen momentu horietan kostatu zitzaidan lo hartzea.
Lau emakumeren historia kontatu duzu eleberrian, lauak familia berekoak: Ama, Ixi, Malen eta Joane. Labur bada ere, nola aurkeztuko zenuke bakoitza?
Ama da zaharrena, ez dauka izenik, eta nobelan hizki larriz idatzita dago. Bere izate osoa horretan definitzen duelako, ama delako. Senar bortitz bat duen emakumea da, eta Ixi da bere lehen alaba. Gizartearen marjinazioa sufritzen du alabak, eta, ondorioz, amak isolatu egiten du. Bere alaba babesteko edozer egiteko prest dagoena da.
Ixi pertsona ezberdin bat da, hitz egiten ez duena. Txikitatik badaki beste haurrek egiten dituzten gauza asko egiteko ez dela gai izango. Ondorioz, bazterketa jasaten du medikuntzatik eta eskolatik. Ixik eta Amak puntua egiten dute.
Malen Amaren bigarren alaba da, eta Ixiren ahizpa. Izaera zeharo desberdina dauka. Asko sufritu duen emakume bat da, Amak bere alabekin egiten duen isolamenduarengatik. Esaterako, Ixi babesteko, Amak elizara ez joatea erabakitzen du, eta hori Malenek oso gaizki darama. Ustezko gaitasun guztiak ditu, eta ezin du bere ingurukoen bizitza bera eraman.
Azkenik, Joane. Malenen alaba da, eta eleberriko elkarrizketa bien artekoa da. Joane amak markatu nahi izan dion bidetik ihes egin nahi izan duen emakume bat da. Beste alaba bat dauka ere. Amarekin harreman konplexua du, eta elkarri gauza asko leporatzen dizkiote. Bere tokia bilatzen ari den pertsona bat da.
“Liburuan bada pasarte bat idatzi eta berridatzi dudan bakoitzean negarrez bukatu dudana”
‘Puntobobo’ izenburu esanguratsua da, desberdina.
Hasierako izenburua ez zen hori, eta bueltaka ibili ginen. Puntobobo jartzea otu zitzaidan, eta editoreari aproposa iruditu zitzaion. Batez ere, istorioaren bi osagai garrantzitsu elkartzen dituelako.
Batetik, punto bobo puntu mota bat da. Amak, Ixik eta Malenek puntua egiten dute. Hiruen bizibidea eta salbazioa da. Gaur egun, puntua egitea zerbait terapeutikoa dela esan ohi da. Bestalde, askotan lotzen diren bi elementu dira literatura eta puntua egitearena. Idazketarekin aurrera egitean, puntua istorioa josteko elementu aproposa zela iruditu zitzaidan. Era berean, goxotasuna ematen dio kontakizunari.
Bestetik, bobo hitzak badu bere esanahia. Ixiri egiten dio erreferentzia, desberdina delako. 40 aste pasatu zituen amaren sabelean, eta ez ditu beste haurren gaitasunak garatu. Ez du hitz egiten, baina puntua egiteko sekulako gaitasuna garatzen du. Kaleko hizkuntza batean, horrelako pertsona bati, tamalez, bobo edo boba esan ohi zaio.
Protagonisten bizitzak hiru ardatz nagusiren bueltakoak dira: emakumeen sufrimendua, osasun mentala eta familiarteko dinamikak. Horiekin aspalditik obsesionatuta zaudela diozu. Zer dela eta?
Hasieratik. Ni, Vera eleberria sortu nuen familian zegoen isiltasun batetik. Orduan konturatu nintzen zer indar duten tabuek, batez ere, familietan. Gainera, bakoitzak eratzen dugu familiako kide bakoitzaren irudi bat, baina ez da beti erreala. Adibidez, nire birraitona eta birramona ez ziren nire aitak pentsatzen zituen modukoak. Ezta sendiko batzuek uste zuten modukoak ere. Hor birkokatu behar izaten da dena berriro, eta, gainera, orduan konturatzen zara ez duzula sekula izango pertsona baten irudi erreala.
Makroetan okerrago mugitzen naiz, eta mikroan bizi ditudan gauzetan, horietan zentratzen naiz gehiago, eta horregatik gustatzen zait horiei buruz idaztea.
Bi denbora lerro erabili dituzu; orainaldia eta iragana. Zergatik?
Argi nuen elkarrizketa batean islatu nahi nuela gaia. Era berean, elkarrizketa horretan bi emakumek orain arte kontatu gabeko zerbait kontatzea. Zergatik orain bai? Elkarrizketa oso konprimitua izatea nahi nuen, ordubetekoa izan daitekeena. Zer gertatu daiteke urtetan ezkutatuta egon den hori azaleratzeko? Gainera, 40 urtetan modu batean bizi izan den pertsona bat goitik behera aldatuko du.
Orduan okurritu zitzaidan iraganeko zatiak sartzea. Horiek beste patxada batean kontatu behar zirela pentsatu nuen. Iraganekoa bizitza oso baten kontaketa bat da. Beste tempo bat dauka, gertakizun eta bizipenetan zentratzen dena.
Ama-alaben elkarrizketan, esaten ez dena garrantzitsuagoa da.
Batak besteari askotan mozten dio, eta hiru puntuak asko erabiltzen ditut. Islatu nahi izan dudana da ezkutuan badagoela zerbait urtetan isilduta egon dena. Horrek dena baldintzatzen du, batez ere, ama-alaben arteko harremana. Hori dena tesitik dator, aztertzen ari nintzenaren enborra kasik isiltasuna zelako.
Hitza erabiltzen dugu jakiteko pertsona bat arrazionala den ala ez, ondo dagoen ala ez. Psikologoarenera zoazenean, hark hitz egiten dizu. Zure diskurtsoaren arabera epaitzen du ondo ala gaizki zauden. Askotan, ordea, isiltasunera jotzen da.
Esaten ez den horrekin ere obsesionatua nago, askotan, hori bera delako garrantzitsuena. Izan ere, familia bat eraiki daiteke esaten ez denaren gainean. Nire asmoa beti izan da, isiltasun hori etengabe presente egotea.
Irakurlearengan zer eragitea gustatuko litzaizuke?
Sentsazio batekin geratzea nahi nuke. Irakurleak hau galdetzea bere buruari amaieran: Zergatik ez zait burutik pasatu bukaeran argitzen dena? Bestalde, gustatuko litzaidake irakurlea ez identifikatzea pertsonaia bakar batekin. Izan ere, protagonista guztiek pertsona bat osatzen dutela iruditzen zait. Hori transmititzea gustatuko litzaidake.
Emakumea zara, emakume idazlea. Emakumeak dira zure protagonistak, eta emakumeen inguruko literatura da idazten duzuna. Batez ere, familiari begirakoa.
Kezkatzen nauten gaiak dira, horrela bizitzen ditudalako. Gertu sentitzen dudana idazten dut. Familiarteko gauzak txikiak direla esan ohi da, eta ez direla hain garrantzitsuak. Niretzat, ordea, mikrora jo behar da makroak dituen eraginak ikusi ahal izateko.