«Erreakzionarismoa munstro handia da, eta arlo guztietan egin behar zaio aurre»
Bilgune Feministako kidea da Elene Lopetegi. Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean, Donostiako Asanblada Feministarekin batera manifestazioa antolatu dute: 'Ez bazara konponbidea, arazoa zara. Lotsa bandoz aldatuko da'.
Zer jarriko duzue mahai gainean azaroaren 25ean?
Aurten, Euskal Herriko hiriburuetako koordinazio taldean nahiko ados geunden egoeraren irakurketa egiterakoan: erasoen gorakada, erreakzionarismoaren gorakada, erasoen harira sortzen diren diskurtso arrazistak, faxismoa, bortxaketaren kultura… Horri aurre egiteko baliatuko dugu azaroaren 25a.
‘Ez bazara konponbidea, arazoa zara’ da leloa, zer nahi duzue landu?
Konplizitatearen harira, gizontasuna jartzen dugu zentroan, baina askotan modu indibidualean ulertzen da, eta ez egitura oso baten parte gisa. Oso deseraikia egon zaitezke, zuk ez materializatu erasoa, eta nahi duzun guztia, baina zuk zure laguna zerbait egiten ikusten duzunean, eta ez duzunean ezer egiten, konplizea zara, eta, beraz, bazara arazoa.
‘Lotsa bandoz aldatuko da’ leloa, aldiz, Gisele Pelicoten kasuan egin da ezagun.
Horrelako kasuak oso biralak egiten dira, eta sare sozialetan terminologia konkretu bat erabiltzen hasten da, eta indarra hartzen du. Horrek aukera ematen du diskurtso batzuk sozializatzeko. Espainiako Estatuan ere, Iñigo Errejonen kasua ere nahiko birala izan da. Argi dago, kasu batzuk biralak egiten dira beste interes batzuk daudelako, hedabideek erabakitzen dutelako trataera bat ematea edo beste bat, askotan, morboan oinarrituta. Donostian ere berdina da, eraso batzuk batzuetan iristen zaizkigu, eta beste batzuk ez; Poliziak erabakitzen du zabaltzea edo ez, udalak ere… Edozein modutan, indarkeria kasuak egunero ematen dira, eta maila ezberdinetakoak, baina asko ez dira zabaltzen.
Jarrera erreakzionarioek gora egin dutela ikusten duzue?
Guk pauso bat egiten dugun bakoitzean, badatoz bost kontran. Interpelatzen dugun subjektuak arriskuan ikusten dituenean bere pribilegioak eta bere boterea, bada, jakina, erreakzioa dator. Aitzakia gisa erabiltzen dute arrazakeria; «ez, gu ez gara, moroak dira», eta abar. Udan, Bulebarreko Puntu Morean izan nintzen lanean, eta ezin nuen sinetsi zenbat jende etorri zitzaidan esanez, «joder, nola dagoen egoera orain moroekin Donostian…». Eta gizonak ziren asko! Beren neska lagunengatik beldurra zutela eta… Ez soilik arrazakeriagatik, baizik eta, indarkeria matxistaren aitzakiapean gertatzen ari da diskurtso hori.
Pauso bat egiten dugun bakoitzean, badatoz bost kontran. Interpelatzen dugun subjektuak arriskuan ikusten dituenean bere pribilegioak eta bere boterea, bada, jakina, erreakzioa dator.
Grebatik urtebetera, nola dago mugimendu feminista?
Azken bost urteotan, pandemiarekin batez ere, apur bat ahuldu den arren, egun, gorakada bat nabaritzen dugu. Mugimendu feministaren betiko ulerkera aldatzen ari da, eta gero eta gauza gehiagotan gaude, gero eta sektore gehiagotan antolatuta. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, mugimendu feminista talde autonomoek osatzen zuten, baina gaur egun, talde autonomoez gain, gai konkretuetan antolatzen diren feministak daude, pila bat feminista akademian, mugimendutik datozen berdintasun teknikariak… Hibrido pila bat sortzen dira, eta feminismoa zabaltzea lortzen da beste modu batzuetan. Duela urtebete greba feminista orokorra egin genuen, eta mugimendu ahula bagina, ez genuke aurrera aterako.
Zaintzaren kontzeptua jarri zenuten erdigunean.
Indarkeriaren gaia sozializatzea asko kostatu zen, urte askoren lana izan zen. Eta zaintzarena ere, urte askoko lana izan da, baina azken bost urteotan izugarri hedatu da. Pandemian argi geratu zen sistema hau nork sostengatzen duen, eta zer hutsune dagoen eta zer negozio dagoen honen guztiaren atzean. EAJ eta PSE larritu egin ziren, eta diskurtsoa kopiatzen saiatu dira, baina edukirik gabe: ez dakit zer proiektu komunitario intergenerazional egingo dutela diote, baina Matia Fundazioan. Hori ez da gure eredua.
Asteburuan emakume abertzaleen topaketetan izan zarete. Zer moduz?
Gaur egun, noraez sentsazioa dago. Askotan dioguna: errazagoa da imajinatzea munduaren amaiera, sistemaren amaiera baino. Eta horrek indibidualismora eta inmobilismora garamatza. Nola irudikatzen dugu Euskal Herria feminista utopiko hori? Topaketetan, 2054. urtean jarri ginen, eta hainbat arlo irudikatu genituen. Ariketa espekulatibo bat zen, ilusioa pizteko asmoz. Jolas moduan egin genuen, eta ideia interesgarriak atera ziren: lan guztiak txandakoak izango dira, zirujauak izan ezik; egin nahi ez ditugun lanak makinek egingo dituzte; autoak ez dira martxan jarriko, ez badaude bost pertsona… Jolas moduan planteatu zen arren, datozen urteetan zer norabidetan lan egin beharko genukeen hausnartzeko balio izan zigun.
Joera erreakzionarioetara itzuliz, zergatik uste duzue dela feminismoa hauei aurre egiteko modu eraginkor bat?
Nerabeekin lan egiten duten kideek askotan esaten dute: neska gazteak ahaldunduago daude lehen baino, baina geletan dagoen erreazkionarismoa oso kezkagarria dela. Feminismoak proposamen integral bat egiten du desberdinkeriekin amaitzeko, subjektu ezberdinak kontuan hartuz eta intersekzionalitatearekin. Batzuetan dirudi gure ardura dela jendea bere posizioetatik aldatzea, eta mugimendu feministak egin behar duela izugarrizko pedagogia. Noski, geure egitekoa dela borroka kulturala eta autodefentsa, baina dena ez dago geure esku, eta jarrera horiek aldatzea jarrera horiek dituzten kolektibo eta norbanakoei dagokie. Panorama ez da erraza, zeren erreakzionarismoaren katea oso luzea da. Ez dira pertsonak soilik, hedabideekin aliantza, arrazakeriarekin, faxismoarekin, Poliziarekin… Munstro handia da, eta arlo guztietan egin behar zaio aurre.•