«Prostituzioa aipatzerakoan, mundu ilun bat irudikatzen dugu, eta hori ez da errealitatea»
Sonia Vegak hamabi urte daramatza Arrats elkarteko Aukera programan, Gipuzkoako sexu langileei laguntza eskaintzen. Azaroaren 25aren harira, prostituzioaren inguruan dauden biolentziez hitz egin dugu, eta bi kolektibo zaurgarrienak aipatu ditu: migratzaileak eta transexualak.
Zein da artatzen duzuen sexu langileen profila?
Prostituzioaren mundua ezin dugu ez etiketatu, ez eta bateratu. Emakume bakoitza mundu bat da, eta batzen dituen gauza bakarra da prostituzioan lan egiten dutela: batzuk bertakoak, besteak migratuak, seme-alabak dituztenak eta ez dituztenak, emakume gazteak eta 60 urtetik gorakoak… Jendeak duen iruditeria ez da betetzen. Urtean, 1.000 emakume artatzen ditugu; horietatik, 70-80 emakume transexualak dira. Denek ez dute indarkeria sufritzen, baina askok bai, noski.
Eskubideak dituzten pertsonen kasuan ezberdina da, badituztelako irtenbideak; eskubiderik ez dituztenekin, berriz, oso zaila da. Denetarik dago: ezin dutenak erroldatu eta, beraz, osasun txartelik ere ez dutenak, eta ezta bankuan kontu bat irekitzerik ere. Atzerritartasun Poliziak jazarria izateko eskubidea besterik ez dute. Kontaktuen webguneen bidez jartzen dira harremanetan, eta behin zita eginda, haien etxeetan sartzen dira, inolako agindurik gabe, eta identifikatzera behartzen dituzte. Irregularki daudenak komisariara eramaten dituzte eta kanporatze prozesua hasten da.
Zer egin dezakezue horrelako kasuetan?
Erroldatzeko eskubiderik ez dutenekin lan egitea oso zaila da, ezin diegu ezer bermatu. Erroldatzea lortzen dutenekin, gutxienez, osasun txartela bideratzea lortzen dugu, prostituzioaren kasuan osasuna zaintzea ezinbestekoa baita. Etxebizitza bat lortzen saiatzen gara, baina, noski, Donostian ezinezkoa da.
Zein da Donostiako prostituzioaren argazkia?
Oso zaila da argazki erreal bat egitea, gaia aztertzerako orduan, jendeak bere betaurrekoak jartzen dituelako aldez aurretik: eskubideen betaurrekoak edo abolizioaren betaurrekoak. Erabat estigmatizatutako lana da prostituzioa; puta hitza aipatzean, burura datorkizun guztia da txarra. Ikuspegi abolizionistaren arabera, sexu langilea sistema patriarkalaren biktima bat baino ez da, eta prostituzioa «ordainpeko bortxaketa» da haientzat. Eskubideen aldekoek aldarrikatzen dute prostituzioarekin jarraitu nahi ez dutenentzat irtenbideak eskaintzea, baina lan horretan jarraitu nahi dutenentzat baldintza duinak bermatzea.
Gipuzkoan zer topatzen dugun? Espazio publikoan ia ez dago jarduerarik —Behobiako biribilgunean, egunean zehar dauden Irungo bost emakumeak, besterik ez—. Klubei dagokienean, bost edo sei klub daude Gipuzkoan, asko ixten ari dira eta: Irunen bi, Lezon bat eta Donostian pare bat. Hotel baten antzera, sexu langileek logelak alokatzen dituzte 60-80 euroan. Eta, azkenik, pisu pribatuak. Azken urteotan aldaketa bat gertatzen ari da, besteak beste, egiten ari den kriminalizazioaren ondorioz. Sexu langileek diru gutxiago jasotzen dute, eta ez dira horren seguru sentitzen. Orain, prekarioago daude, eta, beraz, baldintzak okertzen ari dira.
Zenbat emakumek parte hartzen dute?
Ezinezkoa da jakitea. Baina benetan, ezinezkoa. Ez badira aldi berean mundu osokoak zenbatzen, ezinezkoa da. Izan ere, guk arreta ematen diegun sexu langile asko, orain Donostian daude, baina hurrengo astean Bilbon, eta hurrengoan Bartzelonan edo Belgikan. Zenbatzen direnean, pertsona bera hainbat aldiz zenbatzen da.
«Urtean, 1.000 sexu langile artatzen ditugu;
horietatik, 70-80 emakume transexualak dira,
eta hauek dira zaurgarrienak»
Aurreiritzi handiak daude gaiaren inguruan?
Prostituzioa aipatzerakoan, mundu ilun bat irudikatzen dugu: salerosketa, kriminalak, erasoak, drogak, lapurretak, borrokak… Izugarrizko pelikula datorkigu, eta errealitatea ez da hori, inondik inora ere. Saiatzen gara kontzientziazio lana egiten.
Emakume transexualen egoera aipatzen zenuen hasieran.
Indarkeria mota ezberdin asko artatzen ditugu. Emakume transexualak dira, orain, indarkeria mota gehien jasaten ari direnak. Ikusezina den kolektibo bat da, gehienetan, migratzaileak direnak eta oso-oso prekarizatuak. Ezinezkoa zaie erregularizatzea. Haien herrialdeetan ez dute trantsizioa egiterik izan, eta gizon gisa identifikatzen dituen pasaportearekin datoz hona. Legalki ez direnez emakumeak, ez dituzte genero indarkeriak dituen protokoloak, ezta laguntzak ere. Legeak ahaztu egiten du badirela izena eta generoa aldatu ezin izan duten emakumeak: Emakundek, adibidez, ez ditu emakume transexual hauek artatzen; epaileek ere ez. Zerbitzu sozial askok ez dituzte artatzen, eta horrek are zaurgarriago egiten ditu. Beren lanetan edo bikotekideengandik jasaten duten biolentziaz gain, erakundeen biolentzia jasaten dute baita ere.
Zein harreman duzue mugimendu feministarekin?
Mugimendu feministarekin harremana dugu, eta egin izan ditugu elkarlanak, baina esango nuke feminismo korronte ezberdinak ez direla ados jartzen, eta ikuspegi abolizionistak jarraitzen duela. Emakume guztiok bat egin beharko genuke, eta ezin zaio esan emakume bati «zuk ez duzu balio». Zergatik ez? Zergatik ezin du sexu langile batek iritzia eta ahotsa izan? Feminismoa ez da hori, feminismoak berdintasunaz hitz egin behar du, eta geure artean saretu. •