«Espainiako Gobernuak eta PSOEk ez dute egia aitortu, ez dute barkamenik eskatu»
Mikel Zabalzaren erailketaren 39. urteurrenean ekitaldia egin dute Altzan haren senide eta lagunek. EH Bilduren zinegotziek parte hartu dute ekitaldian, baina beste udal taldeetako ordezkaririk ez zen. Edonola ere, jakinarazi dute hilaren 30ean udalak omenaldia egingo diola.
Ekitaldian adierazi dutenez, “urrats baikor” ugari eman dira Zabalzaren kasuan, tartean, biktima gisa aitortua izan dela Donostiako Udalean, EAEn eta Nafarroan. Ordea, salatu dutenez, “erantzukizun politikoa” dutenek “gezurrean endrokatuta” segitzen dute: “Espainiako Gobernuak eta PSOEk ez dute egia aitortu, ez dute barkamenik eskatu. Kontrakoa: tortura eta torturatzaileak babesten eta goraipatzen segitzen dute, lotsagabeki. Estatuaren terrorismoaren biktimak mespretxatzen segitzen dute, eta horiek onartzeko eta duintzeko ekimen oro boikotatzen segitzen dute”.
Gasteizen Guardia Zibilaren alde egindako ekitaldia ekarri dute gogora, “torturatzaileak euskal gizartearen normalizatzeko” xedez egindako ekitaldia, adierazi dutenez. Espainiar Gobernuaren EAEko ordezkari Marisol Garmendiari kritika egin diote, “soilik biolentzia mota bat eta haren erantzuleak” aipatu zituelakoan, estatuaren indarkeria ezkutatuz.
Tortura salatzen jarraitzeko deia
Ekitaldian, torturaren biktimei dei egin diete eragiten jarraitzeko. Nafarroako Torturatuen Elkartea aipatu dute, eta EAEn bide bera jorratu nahi dela jakinarazi dute, tortura jasan duten guztiei antolatzeko deia eginez.
Azaldu dutenez, hurrengo urtean 40 urte beteko dira Zabalzaren erailketaz, eta Orbaizeta (Nafarroa) eta Altza batuko dituen egitasmo bat presatzen ari direla jakinarazi dute, urte osoko programazioa aurkeztuz.