ETAk eraildako 'El Diario Vasco'-ko finantza zuzendari Santiago Oleagaren omenezko plaka jarri du udalak
Donostiako Udalak plaka bat jarri du gaur, azaroak 23, Santiago Oleagaren omenez, ETAren biktima 2001ean. Honekin, 31 dira udalak jarritako plakak.
Ekitaldia gaur, azaroak 23, izan da, 12:00etan, Iza kalea eta Pinu Bidea lotzen dituzten eskaileren parean, Matia ospitalearen ondoan. Plakak jartzeko beste ekitaldiekin egin den bezala, omenaldi xumea egin da. Bertan, Donostiako alkate Eneko Goiak, udal talde guztietako ordezkariek eta biktimen senideek parte hartu dute.
Santiago Oleaga Elejabarrieta, 54 urtekoa eta Durangon jaioa, El Diario Vasco egunkariko finantza zuzendaria zen– 1979tik egiten zuen lan egunkari horretan –. 2001eko maiatzaren 24ko goizeko zortzi eta erdiak pasatxo zirenean, Oleaga gertutik eta bizkarretik tirokatu zuten autotik irtetean hainbat etakidek, Matia osasun zentroko aparkalekuan. Ondoren, komandoko kideek Oleaga hiltzeko erabili zuten autoa Aiete auzoan aparkatu zuten lehergailuz beteta, eta utzi eta minutu gutxira lehertu egin zuten.
Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak oroitzeko plakak
Horrenbestez, udalak hirian “terrorismoaren eraginez eta oinarri politikoko bortizkeriagatik bizitza galdu zuten pertsonen memoria berreskuratzeko eta gune publikoan ikusarazteko” ekindako bidearekin jarraitzen du.
Orain arte, segidako pertsonak oroitzeko honako plakak jarri dira erailak izan ziren tokietan: Juan Maria Araluce, Jose Maria Elicegui Diez, Antonio Palomo Perez, Luis Francisco Sanz Flores, Alfredo Garcia Gonzalez, Gregorio Ordoñez Fenollar, Francisco Martin Gonzalez, Fernando Mugica Herzog, Rafael Garrido Gil, Daniela Velasco Dominguez de Vidaurreta eta Daniel Garrido Velasco, Miguel Paredes eta Elena Moreno, Eugenio Olaciregui Borda, Francisco Javier Gomez Elosegi, Jose angel Santos, Josu Leonet, Juan de Dios Doval Mateos, Miguel angel Iñigo Blanco, Juan Antonio Marcos Gonzalez, Manuel Orcera de la Cruz, Antonio Pastor, Moises Cordero, Lorenzo Motos Rodriguez – guztiak ETAk erailak -, Enrique Cuesta, Antonio Gomez eta Juan Manuel Garcia Cordero – Komando Autonomo Antikapitalistak taldeak erahilak -, Begoña Urroz Ibarrola – DRIL talde armatuak eraila –, Mari Jose Bravo del Valle – Batallon Vasco Español taldeak eraila – eta Joseba Barandiaran Urkola – poliziaren ekintzak eragindako biktima – .