Alaia Martin nagusi Zarautzen eta Illunbeko bigarren aulkia konkistatu du
Oiartzungo bertsolariak 544,5 puntu erdietsita Illunbeko finalean aulki bat izango du. Martinen atzetik gelditu dira epaileek hala erabakita Eneritz Artetxe (519,5 p.), Aner Euzkitze (512 p.), Unai Mendizabal (504,5 p.), Amaia Iturriotz (493,5 p.) eta Eneko Araiztegi (462 p.).
1.400 bertsozale Zarauzko Aritzbatalde Kiroldegiko teilatupean saio gozagarri baten testigu izan dira. Akats gutxiko saio izan da eta horren adierazgarri nabarmena lehenengo laurek eskuratu duten puntuazio altua. Ariketa guztietan utzi dituzte bertsoaldi gogoangarriak eta publikoa ederki gozarazi dute.
Gozamenaren ontzi horretako lemazaina izan da Alaia Martin. Txapela lortzeko faboritoetako bat zergatik den berretsi du Zarauzko oholtza gainean. Hasi eta buka, betiko alaitasunarekin eta zorroztasunarekin osatu ditu bertso guztiak. Nabarmentzekoak izan dira erizain beteranoaren paperetik sortu dituen hiru bertsoak, baita seiko motzean Iturriotzekin batera eraiki duen testuingurua.
Bigarren postua lortu du Artetxe azkoitiarrak. Bere kantaera ederki plazaratu du eta hutsegiterik gabe txukun-txukun ibili da saio osoan zehar. Bakarkako bikaina kantatu du desintoxikazio zentro batetik irten den pertsonaren paperetik, ingurukoek dioten mesfidantzari zintzo erantzunez. 519,5 puntu bildu ditu eta Illunbeko finalera sartzeko ateak zabal-zabalik dauzka. Arrasateko saioan kantatuko dutenei langa oso goian jarri die Artetxek eta bere gainetik gelditu nahi dutenek izerdi ederrak atera beharko dituzte. Bertsoa.eus atariak aste honetan argitaratu du 500 punturen bueltan dagoela zortzigarren aulkia. Azken edizioko puntuazioa aurtengo ediziora eguneratuta atera dute datu hori. Baina Zarauzko saioa ikusita, zortzigarren finalista puntu horiek baino gorago egongo dela dirudi. Izan ere, 500 puntutik gora daude jada zazpi bertsolari; finalera sailkatutako Gaztelumendi (560,5 p.) eta Martin (544,5 p.), eta puntuazioaren arabera hurrenkera honetan dauden Labaka (552 p.), Elustondo (522,5 p.), Artetxe (519,5 p.), Euzkitze (512 p.) eta Mendizabal (504,5 p.).
Aner Peritz ‘’Euzkitze’’-k ere saio bikaina egin du, zehaztasun handiz eta bere kantaera distiratsuarekin txalo zaparrada ederrak jaso ditu egin dituen bertsoaldietan. Hirugarren postua eskuratu du eta honek ere Arrasateko saioaren zain egon beharko du. Ariketa guzti-guztietan utzi du bere arrastoa eta bakarkako zirraragarri batekin amaitu du bere finalerdietako saio puntuagarria. 25 urte azpiko bi bertsolari daude soilik aurtengo finalerdietan. Euzkitzek ez du soilik jokoan finalerako txartela, bertsolari gazte onenaren saria ere jokoan du Rekondo hernaniarrarekin batera. Bi bertsolariak Illunbeko finalean egon daitezke, bertan hautsi dezakete gazte onenaren berdinketa. Rekondok Arrasaten lehen postua edo puntuazio altu bat erdiesten badu, eta Euzkitzek ere lehen zortzi finalistetan sartzen bada, Illunbeko lehia edertu eta gaztetuko digute. Bertsokera berezi bezain gozagarriak dituzten bi bertsolari gazte baitira. Horretarako, Euzkitzeren mailan ibili beharko da gutxienez Rekondo eta Euzkitzek Arrasateko finalerdiko lau bertsolari utzi beharko ditu atzean.
Unai Mendizabalek gustura egoteko saioa egin du. Zizurkildarrak bere estiloa galaiki eraman du finalerdietako plazara eta bakarkako ederra utzi du hemerotekarako. 90. hamarkadan manifestazio batean begia galdutakoaren gaia egokitu zaio eta egunerokotasunarekin biribil-biribil erlazionatu du pasarte hori. 504,5 puntu lortuta laugarrena izan da. Illunbera iristeko aukerekin da oraindik, nahiz eta sei bertsolarik oraindik ez duten euren eztarria urratu finalerdiotan. Arrasateko saioko karteldegia ikusita, saioko garaileak soilik egon beharko luke Mendizabalen gainetik, oso zail dauzka gauzak. Hala ere, harro egoteko txapelketa egin du, final-laurdenetan saio irabazita, bere kantaera nahieran erabiliz eta zertarako gai den erakutsiz. Zortea ez badu bere alde hurrengo igandean, bejondeiola finalaren atariraino egin duen bideagatik, horrela ‘’galtzea’’ nahiko lukete bertsolari gehienek.
Bosgarren postuan gelditu da Amaia Iturriotz 493,5 puntu eskuratuta. Ez du ohiko edertasun hori ariketa guztietan erakutsi. Gai zail samarrak suertatu zaizkio Iturriotzi finalerdiko lehian; enologoaren ahotik kantatzea ez da batere erraza, mundu hori oso urrunekoa baita kantari gehienentzat. Hori nahikoa ez eta, bakarkakoan ingurumen arloko politikariaren proposamenari kantatu behar izan dio mugimendu herritar ekologista bateko militante xumetik abiatuta. Bidea irekitzea eta oztopoak garbitzea egokitu zaio saio ia osoan zehar eta horrek bere bertsokera asko mugatu du tamalez. Halaber, ale ederrak utzi ditu seiko motzean Martinekin josi dituen hitz errimatuaren mihisean. Finaletik matematikoki at dago urretxuarra, baina 2026ko Bertsolari Txapelketa Nagusian izango du berriz abagunea bertsozaleon txalo zaparradak bereganatzeko.
Seigarren postua egokitu zaio Seguran jaiotako Eneko Araiztegi bertsolariari. Puntutan fin ibili da, bere txispa bizia eta umoretsua helaraziz. Bere estiloa bertsoaren muineraino eraman du txapelketa osoan zehar. Arantzatxo bat izango du Araiztegik gaiak entzun ostean aurtengo txapelketan izan dituen gaizki-ulertuekin. Zortziko handian semea eta alaba nahastu ditu, eta aurreko faseren batean ere suertatu zitzaion antzeko egoeraren bat. Bakarkakoan ere azkarregi hasi da oso errima zaila plazaratuz, denbora soberan zuelarik, eta dosi hitza azken bertsoan birritan errimatu du. Ez da erraza izaten horrenbeste bertsozaleren aurrean kontzentrazioa uneoro mantentzea. Lehenengo finalerdia zuen segurarrak eta sorta goxoak utzita esan dio agur aurtengo edizioari. Honek ere, aukera ahaztezina izango du Euskal Herrikoan bere ahotsa lau haizetara zabaltzeko.
Beraz, abenduaren lehenengo egunean Arrasateko Uarkape pilotalekuan izango dira hil-kanpaiak eta ezkontzetako arroz jaurtiketak. Batzuk, Donostiako finalerako txartela erdietsiko dute eta beste batzuk, harmailetatik gozatu beharko dute. Arrasateko saioan kantatuko dute Eñaut Martikorenak, Andoni Rekondok, Maider Arregik, Agin Laburuk, Oihana Iguaranek eta Iñigo Manzisidorrek. Faborito eta hautagai garrantzitsu asko daude bertan, baina denentzako ez dago lekua. Gaztelumendi eta Martinekin batera kantatuko duten beste sei bertsolariak saio horrek erabakiko ditu. Tentsio eta urduritasunek ez dezatela saio ederra izan daitekeena narrastu. Bitartean, bertsosarrerak.eus atarian azken finalerdiko eta finaleko sarrerak salgai daude. Antolatzaileek diotenagatik, oso sarrera gutxi gelditzen dira azken bi saioetarako. Azkar ibili eta ez utzi azken unerako.