16 urteko arbitro batek mehatxuak eta irainak jaso ditu Groseko futbol partida batean
Ertzaintzak Erregionaleko partida batean esku hartu behar izan zuen, adin txikiko arbitro bati zuzendutako iraun eta mehatxuen ondorioz. Gertakariak Groseko Felix Garin instalazioetan jazo ziren, larunbat arratsaldean. Arrupe Chaminade (Sanse) eta Atotxa River taldeen arteko norgehiagoka amaitu bezain laster, Ertzaintzaren patruila bertaratu zen. Ordurako, baina, irainen eta mehatxuen ustezko egilea ez zegoen inguruan.
Lekukoen arabera, 16 urteko arbitroak heriotza eta eraso mehatxuak jaso zituen bisitarien zale batzuen ahotatik. Egoera ikusita, partida amaitu bezain laster federazioko arbitro batzordearengana jotzea erabaki zuen, eta organo hori arduratu zen Ertzaintzarekin harremanetan jartzeaz. Hala, abisua jasotzerakoan, ertzain patruila bat instalazioetara bertaratu zen, gaztearen segurtasuna bermatzeko. Kirol eremutik irteten lagundu zioten epaileari, baina ez zen inor identifikatu.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, oraingoz ez da salaketarik jarri gertatutakoaren inguruan eta Gipuzkoako Futbol Federazioa informazioa biltzen ari da gertatutakoari buruzko xehetasun gehiago izateko. Federazioaren arabera, baina, pertsona bakar bat izan zen erasotzailea.