Añorga Txikin adosturiko lur azpiko aparkalekuak «gutxiago eta garestiagoak» izango direla salatu dute
Añorgako Geltokia hirigintza proiektuaren aurretiazko lanak hasi dituzte. 249 etxebizitza eraikiko dituzte, auzotarren gehiengoa kontra egon arren.
Donostiako Udal Gobernuak konpromiso batzuk hartu zituen Añorgako Geltokia hirigintza proiektuaren partaidetza prozesua egin zuenean. Bilera ireki bakarra egin zuten 2022ko uztailean, Amassorrain ikastolan, eta adosturikoak idatziz helarazi zizkieten auzotarrei. Esaterako, Añorga Txikiko Firestone lantegia zegoen lursailaren azpian 100 aparkaleku eraikitzea, bakoitza 15.000 euroko —gehi BEZa— prezioan.
Ordea, Añorga Txikitarrak auzo elkarteak salatu du lur azpiko aparkalekuen kopurua eta prezioa ez duela errespetatu Gailur enpresa eraikitzaileak: “Udal gobernuak enpresarekin harremanetan jarri gintuen, eta helarazi ziguten proposamenarekin ezustekoa hartu genuen. Izan ere, lur azpiko aparkalekuak gutxiago eta garestiagoak izango dira. Zehazki, 50 aparkaleku egitea aurreikusi dute, adosturikoen erdiak, eta prezio aldetik %40 garestiagoak dira”. Gainera, aparkaleku horien komertzializazioa auzo elkartearen esku utzi, eta hamabi eguneko epea eman zieten erosleen zerrenda osatzeko.
Horren aurrean, hilaren 12an, auzo elkarteak premiazko bilera bat eskatu zion udal gobernuari. Erantzunik jaso ez zutenez, EH Bildu udal taldearen bitartez hilaren 21eko udalbatzarrera eraman zuten eskaera. Izan ere, hilaren 25ean bukatzen zelako Gailurrek ezarritako epea. Eneko Goia alkateari zuzenduriko premiazko interpelazio gisa aurkeztu zuten, eguneko gai zerrendan sartzeko, baina EAJk eta PSE-EEk eskaera baztertu zuten.
Epea iraungita, auzo elkarteak etzi elkartuko da udal gobernuarekin lur azpiko aparkalekuekin gertatu dena argitzeko. “Eskatzen duguna da partaidetza prozesuan udal gobernuak harturiko konpromisoa betetzea; kopurua eta prezioa errespetatuz. Udalak dirua jarri behar badu enpresa eraikitzailea konpentsatzeko, horrela izan dadila”, adierazi dute.