Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du udalak Intxaurrondoko kuartelaren aurrean
Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean. Kuartelean bortizki torturatu eta hil egin zuten, eta bere gorpua hogei egun beranduago agertu zen, Endarlatsa inguruan (Nafarroa), Bidasoa ibaian.
Plaka jartzeko ekitaldia 12:00etan izango da, eta, udalak azaldu duenez, “plakak jartzeko beste ekitaldiekin egin den bezala, omenaldi xumea egingo da. Bertan, Donostiako alkate Eneko Goiak, udal taldeetako ordezkariek eta biktimen senideek parte hartuko dute”. Honekin, 32 izango dira dagoeneko udalak jarritako plakak, “terrorismoak eta oinarri politikoko bortizkeriagatik bizitza galdu zuten pertsonen memoria berreskuratzeko eta gune publikoan ikusarazteko”. Duela bi legealdi abiatu zuten egitasmoa.
Orbaizetarra jaiotzez (Nafarroa), Altzan bizi zen Zabalza, eta Donostiako Tranbiaren Konpainiako txoferra eta ELA sindikatuko afiliatua zen. Bere atxiloketaren operazioan, bere bikotekide Idoia Aierbe, bere lehengusu Manuel Bizkai, bere anaietako bi, Patxi eta Aitor, eta Ion Arretxe idazlea ere atxilotu zituzten. Aierbe eta Arretxe ere torturatuak izan ziren. Pasa den larunbatean, urteroko omenaldia egin zioten Zabalzari Altzan, Mikelen Txokoan.
Biktima gisa onartuta
Zabalzaren gertukoen urte askotako borrokaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak biktima gisa onartu zuen Zabalza 2022an, eta gauza bera egin zuen Nafarroako Gobernuak aurtengo maiatzean. Udalak jarriko duen plaka orbaizetarraren kasuaren aitortzan beste pauso bat da, beraz.
Espainiako Gobernuak, aldiz, duela ia 40 urte ezarritako bertsio ofizialari eusten dio; ETAren zulo bat egiaztatzera eraman zutenean, ihes egin eta Bidasoan ito zela dio bertsio horrek. Ordea, Pako Etxeberria forentse ezagunak behin baino gehiagotan gezurtatu du bertsio hori, eta, 2021ean, CESID-eko (Centro Superior de Informacion de la Defensa) koronela zen Luis Alberto Peroteren eta Enrique Rodriguez Galindo Intxaurrondoko kuarteleko buruaren aginduetara zegoen Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa baten grabazioa argitaratu zen: “Esku artetik joan zaie, galdeketan gelditu zaie”, zioen Gomez Nietok bertan.
Bestalde, Zabalzaren kasuko dokumentuek klasifikatuta jarraitzen dute, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea 2022an desklasifikatzeko prest agertu bazen ere. Ez da ahaztu behar, halaber, kasuarekin lotutako Arturo Espejo guardia zibila mailaz igo zuela Espainiako Gobernuak iaz, Margarita Robles eta Fernando Grande-Marlaska ministroek bultzatuta.