Segurtasun neurri bereziak hartuko dituzte Realaren eta Ajaxen arteko partidaren harira
Ajaxeko 2.000 zale inguru etorriko dira Donostiara ostegunean, eta Kursaaletik eramango dituzte Anoetara.
Ostegun honetan (hilak 28), Ajaxen eta Realaren arteko Europa Ligako partida jokatuko da Anoetan (21:00), eta, horren harira, segurtasun operazio berezia prestatu dute Donostiako Udalak, Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Realak. Anderlechten aurkako partidan izandako istiluen ondoren —talde belgikarreko bost ultra atxilotu zituzten—, Ajaxi sarrerarik ez saltzeko asmoa agertu zuen klub txuri-urdinak, baina UEFAk atzera bota zituen Realaren asmoak. Horrela, Herbehereetako taldeko 2.000 bat zale etorriko dira Donostiara; hedabide batzuen arabera, horietako 150 ultrak dira, eta 50 sarrerarik gabe datoz.
Ajaxeko zaleak Kursaalean elkartuko dituzte oraingoan, 18:15ean, eta ez Alderdi Ederren, Anderlechtekoekin egin zuten moduan. Urumea ibaiaren ertzetik eramango dituzte Anoetaraino, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak eskoltatuta. Era berean, 18:00etan hasiko dira errepideak mozten: ordu horretatik aurrera, ibilgailu motordunen zirkulazioa eten ahal izango dute Urumea pasealekuan, Madril hiribidean (Pio XII.aren biribilgunetik aurrera), Errondo pasealekuan (Portutxo plazatik aurrera) eta Zorroaga pasealekuan (Toribio Alzaga eta Aita Donostiaren artean).
Horrez gain, arratsaldeko lehenengo ordutik ezingo da ibilgailu pribatuan Anoeta ingurura sartu. Hori dela eta, estadioaren inguruko kirol instalazioetara (Izotz Jauregia, Karmelo Balda pilotalekua, Paco Yoldi kiroldegia, Antonio Elorza belodromoa eta Josean Gaska kiroldegia) joan nahi dutenei “oinez edo garraio publikoan joatea” gomendatu die udalak. “Ibilgailu pribatuan joan nahi badute, Illunbe ingurura bideratuak izango dira eta bertan aparkatu beharko dute, eta ondoren GI-20 zeharkatzen duen oinezkoen pasabidetik Anoetako kirol eremura sartu ahal izango dira”, gaineratu du udalak. Bestalde, oraingoan ez dute ikastetxerik itxiko, baina Ernest Lluch Kultur Etxea arratsaldez itxita egongo da.
Era berean, Poliziaren presentzia areagotuko dute hirian, egun osoan zehar, “eguneroko ohiko jardueren eta partida aurretiko giroaren arteko bizikidetza bermatzeko”. Hala ere, gogoratu behar da Anderlechten aurkako partidan neurri antzekoak hartu zituztela, baina, aldiz, estadio barruan gertatu zirela istiluak; estadio barrurako neurririk ez dute iragarri. Pasa den denboraldian ere izan ziren ultrekin istiluak Donostian, bereziki, PSGren eta Romaren aurkako partiden harira.
Bizilagunentzako alternatibak
Anoetan Realak partidak jokatzen dituen gainerako egunetan egiten duten moduan, 5-1 Amara sektoreko TAO baimena duten egoiliarrek, azaroaren 27tik 29ra, biak barne, libreki aparkatu ahal izango dituzte haien ibilgailuak 1-2 Erdialdea, 1-5 Morlans, 5-2 Loiolako Erriberak eta 5-3 Loiola sektoreetan. Sektore horietan, TAOko titularrei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatuko zaizkie.
Egoiliar horiek, hala ere, ezin izango dute doan aparkatu nahitaezko ordainketa eremuetan (15 eremuetan), ezarritako erregulazio ordutegiaren barruan. Era berean, segurtasun arduradunek partidara joango diren zaleei eskatu diete “estadio ingurura ibilgailu pribatuarekin ez gerturatzeko, GI-20 eta GI-40 errepideen moduko ordezko bideak erabiltzeko eta egingo diren joan-etorriak denborarekin planifikatzeko”.