Igeldoko kanpineko espaloi berriaren lanak amaitu dituzte
Hilabeteetako lanak burututa, Orkolaga pasealekuak espaloia izango du alde bietan.
Herriko plaza eta Igeldoko kanpina lotzen dituen espaloi berria errealitate bat da dagoeneko, izan ere, aste honetan amaitu dira Orkolaga pasealeku berria eraikitzeko lanak. Aspalditik eskatutako esku hartzea izan da hori, oinezkoentzako ibilbide segururik ez baitzegoen aurretik kanpinaren eta herriko kaskoaren artean.
Hemendik aurrera, baina, bizilagun eta bisitariek, bide berria izango dute. Espaloia bi zatitan dago banatuta. Igeldoko kaskotik Behatoki Meteorologikoraino zirkulazioaren eskuinaldetik doa. Behatokitik metro batzuk aurrerago, berriz, ezker aldeko espaloira aldatu beharko du oinezkoak, pasabide garai baten bitartez.
Espaloiak 710 metro luze eta 1,5 eta 2 metro arteko zabalera du. Obraren aurrekontua 1,5 milioikoa izan da eta Next Generation funtsak izan ditu. Espaloia eraiki bitartean, hainbat zerbitzuren hodiak berritzeko ere aprobetxatu du udalak, hala nola, telefonia, ur bilketa, elektrizitatea eta instalatutako argiteria zerbitzuak berritzeko.