Kalean da 'La Blues Company', Donostiatik jaiotako estatuko 'bluesman' handienen diskoa
Paul San Martin pianista donostiarra da Donostiako musikazale baten ekimenez sorturiko proiektuaren parte, besteak beste.
Paul San Martin blues pianista donostiarraren azken diskoa argitaratu berri dute: La Blues Company. Propio diskoa grabatzeko sorturiko izen bereko taldearen parte da San Martin, Espainiako Estatuko blues musikari handienetako batzuekin batera. Jon Gurrutxaga musikazale donostiarraren ekimenez elkartu dira musikariak diskoa grabatzeko, eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin argitaratu dute lana, irailean Beasaingo Pottoko estudioan grabatu ostean. Pasa den asteburuan eskaini zituzten lehenengo aurkezpen kontzertuak, Elorrion (Bizkaia) eta Soraluzen (Gipuzkoa), eta gehiago eskaintzeko asmoa du taldeak.
San Martinekin batera, Ñaco Goñi harmonika jotzaile madrildarra, Fernando Beiztegui gitarrista eta abeslari granadarra, Edu Manazas gitarrista eta abeslari madrildarra eta Martí Elias bateria katalana aritu dira diskoan —asteburuko kontzertuetan Romain Gratalon aritu da baterian—. Lana taldekideekin harremanetan jarrita, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen bidez eta Beltza Records Parte Zaharreko disko dendan erosi daiteke.
Diskoak, gainera, 1989tik 1999ra Amaran egon zen La Gatera tabernarekin harreman zuzena du; hala azaldu du Gaztelupeko Hotsakek, prentsa ohar baten bidez: “Bere garaian bazegoen Donostian, Amara auzoan, jende interesagarriak kudeatzen zuen La Gatera izeneko kluba. Bertan kontzertu ugari antolatzen ziren, gehienbat bluesaren inguruan. Duela urte batzuk itxi zen eta bertako arduradunek beste lan batzuetara jo zuten, nahiz eta bere blues zaletasuna biziki piztuta, kontzertuak beste leku batzuetan eginez eta garra bizirik mantenduz. Aurten, Jon La Gaterako kideari bere gustuko musikariak elkartzea bururatu zitzaion, grabazioa egiteko”.
Ibilbide luzeko musikariak
Espainiako Estatuko blues eszenako musikari garrantzitsuenen artean daude aipaturiko bostak, bai euren mailarengatik eta baita euren ibilbidearengatik ere. Paul San Martin, esaterako, nerabea zenean hasi zen pianoarekin bluesa jotzen, besteak beste, La Gateran, hain zuzen ere. Bakarka zein hainbat talderekin, Euskal Herriko zein nazioarteko txoko ugaritan jo du azken 30 urteotan eta estatuko blues pianista onenen artean dago, bereziki, boogie-woogie estiloan.
Ñaco Goñi da, Tonky de la Peña eta beste blues musikari gutxi batzuekin batera, Espainiako Estatuko bluesaren aitzindarietako bat. Nerabea zenean, 1980ko hamarkadaren hasieraren bueltan, Malcolm Scarparekin batera jotzen hasi zen Madrilgo Metroan, eta, pixkanaka, bere lekua egin zuen orduan indartzen hasia zen Madrilgo blues panoraman. Ordutik, hamaika txokotan jo du, tokiko zein nazioarteko hamaika musikarirekin eta disko ugari argitaratu ditu, taldean, bikote formatuan eta bestelakoetan. Estatuko edozein txokotako edozein blues musikari zein zalerentzat, erreferente bat da Goñi, eta La Gateran behin baino gehiagotan jotakoa da.
Edu Manazas ere Amarako taberna mitikoan jotakoa da, eta estatuko blues musikari ezagunenetako bat da, bereziki, Madrilen. Egun, ez dabil oso modu aktiboan musikaren munduan, baina disko honetarako, gitarra berrartzea erabaki du. Edu Manazas & Whisky Train taldearekin egin ditu bere lan entzutetsuenak.
Fernando Beiztegui Andaluziako bluesaren aitzindarien artean dago eta maila handiko musikaria da. AEBetako hegoaldeko bluesaren sustraietara jo ohi du bere ahotsarekin zein gitarrarekin, eta Beiztegui Blues Band taldea egungo bere proiektu garrantzitsuena.
Azkenik, Martí Elias Donostiako agertokietako bateria jotzaile ezaguna da, musikari askok eta askok bere alboan nahi dutena. Katalunian musikalki hezia, Herrialde Katalanetako, Euskal Herriko, Espainiako zein beste hainbat herrialdetako musikari ugarirekin jo eta lanak argitaratu ditu.