Alderdi Popularrak ez du nahi Mikel Zabalzaren plaka Guardia Zibilaren kuartelaren ondoan jartzea
Donostiako Alderdi Popularraren udal taldeak gogor kritikatu du Mikel Zabalzaren omenezko plaka Guardia Zibilaren kuartelen ondoan jartzea, Guardia Zibilarentzat “iraingarria” delakoan.
PPren ustez, Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean jartzeak, “heriotzaren erantzule” egiten ditu militarrak, eta epai judizialik ez dagoela kontuan hartuta, “iraingarria” dela uste du: “Leku hori aukeratzea nahita egindako konfrontazio sinbolikoko ekintza bat da”.
Donostiako Udalak jartzen dituen plaka hauek erailketa gertatu zen lekuan jartzen dira, senideekin hala adostuta. Kasu honetan, Mikel Zabalza Guardia Zibilaren eskuetan hil zela ontzat ematen dute bai Donostiako Udalak, bai Eusko Jaurlaritzak eta baita Nafarroako Gobernuak ere, ez ordea, Espainiako Gobernuak.
PPk honakoa gehitu du: “Zer pentsatuko luketen terrorismoaren biktimek, baldin eta denek erabakiko balute hildako senidearen plaka atentatuaren lekuan jarri beharrean, egiten den bezala, herriko tabernen edo EH Bilduren egoitzen aurrean jartzea erabakiko balute”.