EH Bilduren arabera, udal gobernuaren aurrekontuak «ez dira sinesgarriak»
Udal taldeak osoko zuzenketa eta proposamena hobetzeko 183 zuzenketa partzial aurkeztu ditu.
EH Bilduk agerraldia egin du gaur goizean EAJren eta PSE-EEren 2025eko udal aurrekontu proposamenari buruz. “Proposatutako aurrekontuak ez dira gai Donostiak dituen erronka nagusiei aurre egiteko, besteak beste, etxebizitza, belaunaldien arteko kezka nagusia”, adierazi du Juan Karlos Izagirre bozeramaileak. Hori dela eta, osoko zuzenketa eta udal gobernuaren proposamena hobetzeko 183 zuzenketa partzial aurkeztu dituzte.
Udal talderen ustez, udal gobernuaren aurrekontuak “ez dira sinesgarriak”, ezin direlako “existitzen ez diren” diru sarreretan oinarritu eta “egingo ez diren” inbertsioak baieztatu: “Duela gutxi, EAEko Auzitegi Nagusiak epai bat eman zuen Illarran aurreikusitako hirigintza proiektua eteteko. Epaiaren arabera, ezingo dira 2025ean espero ziren 13,5 milioi euro jaso eragiketa honengatik. Gogoan izan behar da Eneko Goiaren Gobernuari EH Bildutik galdetu geniola horri buruz, eta baieztatu zitzaigula ez zegoela aurreikuspen hori zuzentzeko asmorik, nahiz eta jakin ezinezkoa zela 2025ean ingresatzea. Arduragabekeria iruditzen zaigu gobernuaren aldetik hala jokatzea”, adierazi du Izagirrek.
Bigarren arrazoi bat ere badela esan du bozeramaileak: “Zenbait diru partida aurreikusten ditu, 2025ean gauzatzen hasiko ez direla aldez aurretik onartu arren”. Hainbat adibide eman ditu: Groseko Miserikordia kaleko puntu kritikoa edo Anoeta inguruko urbanizazioa. “Horiek ezin izango dira hasi Adifek edo ETSk 2026rako aurreikusitako obrak amaitu arte”, nabarmendu du. Bestalde, Sorleku parkearen kasua nabarmenduko du: “2024ean aurreikusitako partida ez da exekutatu, eta 2025era pasa da, nahiz eta onartu ez dela nahikoa izango parkea egiteko. Gobernuak berak onartu du hau azken batzordeetan”.
Aurrekontuak “kontinuistak” direla dio Izagirrek, eta ez dutela “lidergorik”. Horrekin batera, herritarren arazoak konpontzeko tresna baino “propagandaren” antza dutela adierazi du. Osoko zuzenketaz gain, 183 zuzenketa partzial aurkeztu dituzte: “Bi zuzenketa erregistratu ditugu Aurrekontua Betearazteko Arauaren aurka, eduki ekonomikorik gabeko beste hamabost zuzenketa eta eduki ekonomikoa duten 166 zuzenketa. Horietatik gehienak, 135, udalaren kontuetan eragiten dute, eta beste batzuk udal sozietate eta entitateetan: Etxegintza (zortzi), San Sebastian Turismo (zazpi), Dbus (sei), Donostia Kirola (lau), Sustapena (lau) eta Donostia Kultura (bi). Bakoitzaren inguruko xehetasunak helbide honetan ikus daitezke.