Europako atea zabalik uzteko unea
Realak Ajax indartsua hartuko du gaur, Anoetan (21:00). Irabazteak baino ez dio balio talde txuri-urdinari.
Kale edo bale. Reala aditua da ezustekoak ematen, onerako zein txarrerako. Bartzelonaren kontrako ligako partida galdutzat eman zuten askok jokatu aurretik, eta txuri-urdinek kataluniarrak menderatu zituzten Anoetan. Europa ligan antzeko egoera baten aurrean daude. Bosgarren jardunaldiko neurketa jokatuko dute gaur Ajax gaindiezinaren aurka, Anoetan (21:00). Herbehereetako taldea ia dena irabazita eta galdu gabe etorri da Donostiara. Beraz, beste balentria bat egiteko gai izango da Reala?
Euskal derbiak utzitako zapore mingotsarekin, txuri-urdinek norgehiagoka borobila egin beharko dute Ajax gainditzeko. Europa ligako sailkapenean bigarren tokian daude 10 punturekin, hiru partida irabazita eta bakarra berdinduta. Reala, berriz, 25. postuan 4 punturekin. Bien arteko aldea nabarmena da, baina donostiarrak gai dira berdegunean distantzia murrizteko. Horrela, irabazteko aukera gehiago izango dituzte, hori delako helburua, batez ere, Europako atea zabalik mantentzeko, eta kolpetik itxi ez dadin.
Aurrelarien dema
Golak behar dira irabazteko, eta txuri-urdinek ez dituzte aurrelari guztiak eskura. Oskarsson min hartuta dago, eta Sadiq aulkian geratuko dela dirudi. Gabezia horiekin, erasoan min egiteko beste jokalari batzuk erabili beharko ditu Imanol Alguacil entrenatzaileak. Hala nola, Mikel Oiartzabal, Take Kubo, Sheraldo Becker eta Ander Barrenetxea.
Guztira, 24 jokalari aukeratu ditu Oriokoak. Odriozola eta Urko deialditik kanpo utzi ditu, eta min hartuta jarraitzen dute Traorek eta Zakharyanek. Daudenekin saiatuko da Reala ezustekoa ematen, balentria egiten.