Intxaurrondoko Salestarren komentua luxuzko hotel bihurtuko dute
2026aren bukaeran irekiko dute Phillip Starck diseinatzaile entzutetsuak apainduko duen bost izarretako hotela.
Urte eta erdi baino gehiago da Donostiako Udalak hotelak irekitzeko baimenak emateari utzi ziola. Ordea, tantaka-tantaka luxuzko establezimendu berriak ugaritzen ari dira. Izan ere, egun baimenik eman ez arren, neurriak ez ditu aurretik lortu zituztenen proiektuak geldiarazten. Azken proiektu handia Intxaurrondo Zaharrean kokatu dute. Auzoko salestarren komentu zaharra kategoria goreneko hotel bilakatu nahi du Tayko Hotels enpresak, eta Philippe Starck diseinatzailearen lana baliatuko dute horretarako. Interiorismoan oso entzutetsu den diseinatzaileak barrualdea apainduko du.
Proiektua Tayko Hotels euskal taldeak bultzatu du eta gainerako hotelekin jardun duen moduan bideratu nahi du Intxaurrondokoa ere. Hala, Bilbon eta Sevillan egin duen moduan, eraikin historikoa hartu eta lau edo bost izarretako hotel bilakatu nahi du, gune gastronomikoen eta goi mailako zerbitzuen bitartez.
Enpresaren zuzendaritzak El Diario Vasco egunkariari aipatu dionez, baina, Intxaurrondoko eremu berriarekin pauso bat eman nahi dute aurrera. Azaldu dutenez, ez dute “batzar handientzako” hotel bat sortu nahi. Ingururen ezaugarriak eta tamainak “aukera handiak” eskaintzen baititu. Hala, ekitaldiak antolatzeaz gain, “hiriarekin harreman estuagoa” izan nahi dute.
Hotelak 90 logela inguru izango ditu, lurrazpiko aparkaleku bat izango du Intxaurrondo kaleko sarrera batekin, eta kanpoko igerileku bat izango du, eta, agian, spa gune bat. Enpresak adierazi duenez, Philippe Starcken ukitua ere oso garrantzitsua izango da, “berezko balioa” emango baitio guneari.
Moratoriaren eraginik ez
Vocento taldeko egunkariak jaso duenez, proiektua 2021az geroztik ari da lantzen, eta ez dio eragiten 2023an ezarritako ostatu lizentzien baimenaren moratoriak. Hirigintzako iturriek hedabideari azaldu dionez, “Intxaurrondo Zaharreko hirigintza eremua ez zegoen eremu aseetan jotzen zirenen artean”. Sustatzaileak datozen asteetan hasiko dira eremuaren egokitzapen lanetan eta bi urteko lanen ostean ateak irekitzea espero dute.