Arartekoak uste du La Sirena negu osoan ireki beharko litzatekeela
Donostian kale egoeran dauden pertsonen egoeraren inguruan dauden baliabideak izan ditu hizpide Arartekoak, eta egiten duen azterketaren arabera, Donostiako Udalari eskatzen dio neguan eskaintza zabaltzea, eta baliabideak irekitzea ez soilik “tenperaturen jaitsieraren mende”.
IRUTXULOKO HITZAk eskuratu duen dokumentuan, Arartekoak Donostiako egoeraren azterketa zorrotza eskaintzen du, eta onartzen du Donostiako Udalak “esfortzu iraunkorra” egiten duela “kale egoeran dauden pertsonen beharrak asetzeko”. La Sirena esfortzu horren parte dela argi uzten du.
Edonola ere, Arartekoak egiaztatu duenez, “kalean bizi diren pertsonen igoera” dela eta, eta “etxegabeen egiturazko fenomenoak” esfortzu horiek “handitzea” exijitzen dute. Eta, espresuki aipatzen da negu garaian eskaintzen diren baliabideak ez izatea soilik tenperaturen irizpidearen arabera.
Migratzaileekin lan egiten duen elkarte bateko boluntario batek egin zuen eskaera Arartekoan duela bi urte, eta ostegunean, azaroak 28, erantzun zuen Manuel Lezuertak eskaera. Arartekoak Donostiako Udalaren gizarte zerbitzuekin izandako harremanak aztertzen ditu, eta jada, 2020ko ekainean udala ohartarazi zutela jakinarazten du, tenperaturen irizpidea aldatzeko eskatuz, honela, “bizitza arriskuan” jar ez dezaten.