«Donostia benetan gustatzen hasi zitzaidan auzoak ezagutu nituenean»
Duela bost urte etorri zen Donostiara Sebas Ruiz. Waterpoloko jokalaria izanik, taldea bilatu zuen eta etorri eta hiru egunera taldea topatu zuen. Ordutik dabil buru-belarri, bereziki Altzako gazteekin harrobia lantzen.
Kirolari lotutako bizitza du Sebastian Ezequiel Ruiz Nuñezek (Rosario, Argentina, 1992). Dena aldatzeko gogoa sartu, eta Donostiara etorri zen bizitzera duela bost urte. Iritsi, eta berehala hasi zen waterpolora jokatzen Fortuna taldean.
«Koldorekin hitz egin nuen, Fortunako entrenatzailea zena, eta haiekin entrenatzeko eskatu zidan. Larunbatean iritsi nintzen Donostiara, eta asteartean jada entrenatzen ari nintzen. Super ondo jaso ninduten taldekideek, eta hasiera-hasieratik oso integratuta egon naiz. Orain, hau da nire ogibidea».
Txikitatik waterpoloan
Rosariokoa da Ruiz. Hiri unibertsitarioa da, Argentinako hiri handienetako bat, eta ur kirolen tradizio handia du. Kontatzen duenez, waterpoloak ere tradizio nahikotxo izan du Argentinan, «gure entrenatzaileak izan zirenak mundialetan jokatu zuten, hori izan zen urrezko aroa».
Club Gimnasia y Esgrima de Rosarion hasi zen entrenatzen: «Argentinako selekzioko hamahiru jokalaritik zazpi, klubekoak ziren. Maila oso altu zegoen». 13 urte ingururekin hasi zen, eta hori, «berandu» samar dela uste du: «Baina urarekin harreman handia nuen eta asko gustatzen zitzaidanez igeri egitea, gustua hartu nion».
Kasualitate baten bidez hasi zen waterpolora jokatzen. «Nire lehengusu baten lagun batek egiten zuen. Arreba batek hockeya egiten zuen, besteak errugbia. Waterpoloan ez genuen inor familian, baina behin sartuta, nire bizitza aldatu zuen. 15 urte nituela, selekzioan nengoen, Argentina osotik bidaiatzen… eta bizitza osoa eskaini diot honi. Beste kirol batek akaso ez lidake hau emango».
13 urterekin lehenengo kategorietan hasi zen jokatzen Ruiz: «Hori da kirolaren onenetakoa. Oso fisikoa den arren, gorpuzkera ezberdinentzat egokia da: azkarragoak, handiagoak… Ni txikitxoa nintzen, baina azkar mugitzen nintzenez topatu nuen lekutxo bat». Lekua baino gehixeago, Ruizek 20 urtez azpiko txapelketa Panamerikanoetarako Argentinako selekzioan jokatu zuen, 18 urte zituela: «AEBetara joan ginen, eta, egia esan, ez zitzaigun oso ondo joan, baina gure maila zutenekin garaipen batzuk izan genituen».
Waterpolo Donostia
Fortuna eta Waterpolo Donostia taldeek bat egin zutenetik, Ruiz azken honetan dabil jokatzen eta gazteak entrenatzen. «Piramidea» sortu behar dela iritzi du Sebasek. Hau da, haur eta gazteen oinarri sendo bat izan behar dela, etorkizuna ziurtatua izateko.
Eta norabide horretan dabiltza: eskolarteko kategorian kimu eta benjamin mailetako taldeak daude klubean —gazteenak 8 urte—, eta hortik, senior arteko taldeak dituzte. Aurten, lehen aldiz, 12-13 urteko nesken taldea sortzea lortu dute: «Neskek lehendik ere jokatzen zuten, baina ez taldea sortzeko adina. Aurten lortu dugu, eta ezin dugu alaiago egon».
«Altzako kiroldegi berriari esker,
waterpoloa auzoko kirol batean
bihurtzen ari dela esango nuke»
Gero eta jende gehiago ari da animatzen waterpolora: «Bi denboraldi daramatzat hemen gaztetxoak entrenatzen, eta gero eta gazte gehiago datoz».
Altzako ikastetxeetako gazteak eta Errenteriakoak datoz gehienbat, eta giro berezia sortzen ari dela uste du Ruizek: «Kiroldegi berriari esker, auzoko kirol batean bihurtzen ari dela esango nuke».
Jende guztiarentzako kirola
Waterpoloa ez da kirol bereziki ezaguna. «Jendeak galdetzen duen lehenengo gauza da, nola flotatzen duzue, nola saltatu? Hori ez da izaten zailena. Zailena igeriketa da, oinarri indartsu bat izatea hor. Gero ia borrokatzea dator. Kirol honek eskatzen du fisikoki maila onean egotea disfrutatu ahal izateko», azaldu du Ruizek.
Era berean, jende guztiarentzako kirola izan daitekeela sinetsita dago: «Kirol asko egin ditut nik: errugbia, futbola… eta waterpoloak badu besteek ez dutena: edozein neska-mutilek, berdin du altuera, gorpuzkera, bere tokia topatzen duela. Gazte asko daude hemen, akaso beste kirol batean baztertuak izan direnak, edo marjinatuak direnak, eta hemen lekua topatzen dutenak».
Niretzat kirola funtsezkoa da, gauza asko ematen dizkizu: bizitza osorako. Konstantzia, zure kideekiko konpromisoa, hobetzeko grina… Zeure burua hobetzea eta ingurukoekin duzun harremana hobetzen saiatzea: nola tratatzen duzun jendea, talde kohesioa. Jendeak utzi egiten duen arren, kirolak bizitza osorako zerbait ematen dizu. Bizitza ulertzen laguntzen dizu. Lanean, bikotekidearekin eta lagunartean dituzun erronketarako funtsezkoa da.
Probatu egin behar dira kirolak. Eta, hor, gurasoen papera funtsezkoa dela uste du Ruizek: «Haurrak direnean, ez dakite ondo zer gustu dituzten, zer egin nahi duten, eta gurasoek asko lagundu dezakete: batetik bestera eramaten, motibatzen, askatasuna ematen». Waterpoloaren moduko kirolekin, are gehiago: «Hasieran beldurra izaten dute haur batzuek, eta negar egiten dute uretara sartzean. Baina, gero, gustua hartzen diote eta urteetan jarraitzen dute, uretatik atera gabe». Gurasoak eta gazteak probatzera animatu ditu Ruizek: «Hasierako beldurrak gaindituz gero, nork bere tokia topatzen du».
«Haurrak direnean ez
dakite ondo zer gustu
dituzten, eta gurasoek
asko lagundu dezakete horretan»
Lagunekin partekatzeko
Argentinari buruz galdetzen diotenean, «ezberdina dela» esaten du: «Ez da hobea, ez eta okerragoa ere, noski». Hango «asado-ak» botatzen ditu faltan; baina hemen ere elkarteetan egiten saiatzen da.
Ruizek azaldu duenez, elkartegintza oso garrantzitsua da Argentinan ere, eta batez ere kirolaren ingurukoak, partida bukatzean elkartzeko eta abar, «hemen gehiago dira janariaren ingurukoak». Horregatik, Waterpolo Donostiakoek buruan dute klub sozial bat sortzea, kirolaz gain waterpoloren inguruan sortzen ari den komunitatea saretzeko, eta topagune bat izateko : «Urtean behin, gutxienez, talde osoa elkartzen gara, eta, gutxika, ziurrenik izango dugula espazio propio bat. Kirolaren ederrena hori da: lagunekin bizipenak edukitzea».
Kuadrilla, waterpoloari esker
«Etorri nintzen lehenengo aldian, 20 urte nituen, eta hostal batean hasi nintzen lanean. Airbnb aurreko garaia zen, eta lagun batek lan egiteko eskaini zidan. Astebeterako nentorren, eta uda osoa geratu nintzen», kontatu du Ruizek.
«Uda horretan, Donostiaren alderdi turistikoena ezagutu nuen: Gros, Parte Zaharra, Erdialdea… Baina Donostia benetan gustatzen hasi zitzaidan auzoak ezagutu nituenean. Hemen dago Donostiaren benetako izaera». Herreran bizi da, eta Altzan lan egiten du, hain zuzen.
Hirian komunitate argentinar handi samarra dagoen arren, Ruiz ez dago bertan horren murgilduta: «Argentinar askori gertatzen zaio hona datorrela lanera, lagun argentinarren batekin, eta hortik ateratzea zailagoa da. Niri kontrakoa gertatu zitzaidan: zuzenean hasi nintzen donostiarrekin harremanetan, eta mundu honetan buruz sartu nintzen».
Horrela, waterpoloari esker, hasieratik kuadrilla bat sortu zuen: «Esaten dute euskaldunak hotzagoak direla, baina niretzat ez zen horrela izan, inondik inora ere: behin ezagututa, behintzat, zoragarriak izan dira nirekin». •