Gabonetarako prest dago Illunbeko aparkalekua eta Erdialdea lotzeko autobus elektrikoa
Abenduaren 6an hasi eta urtarrilaren 5era arte, Illunbeko aparkalekua eta hiriko erdialdea lotzen dituen autobus zerbitzua erabili ahal izango da. Azken urteotan egin moduan, Dbusek eta Donostiako Mugikortasun Sailak anezka zerbitzua jarriko dute Gabonetan eta Gabon aurreko asteetan.
Lehen asteetan, zerbitzua asteburuetan eta jaiegunetan eskainiko da. Abenduaren 21etik aurrera, berriz, zerbitzua egunero eskainiko da, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik, egun horietan ez baita zerbitzurik egongo.
20 minutuko maiztasuna izango du, eta abenduaren 6ko, 7ko, 8ko, 14ko eta 15eko asteburuetan eta abenduaren 21etik urtarrilaren 5era bitartean egunero eskainiko da zerbitzua, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik, orduan ez baita zerbitzurik egongo. Bestalde, bi geltoki izango ditu: Illunbekoa —irteerak 11:00etatik 22:20ra, 20 minutuan behin—, eta Mendeurreneko plazakoa —irteerak 11:10etik 22:30era, 20 minutuan behin—.
Illunbetik hiri erdialdera joan-etorriak egingo dituen ibilgailua 12 metroko autobus bat da, %100 elektrikoa eta zero igorpenekoa. MAN Lions City 12e modeloa da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Helmugetako Jasangarritasun Turistikoaren ezohiko deialdiaren barruan erosi da, Next Generation Europako funtsek finantzatuta.
Ordainpekoa
Anezka zerbitzu honi, hiriko gainerako linea erregularretan ohikoak diren tarifak aplikatuko zaizkio zerbitzu horri, eta Dbusen onartutako edozein titulurekin ordaindu ahal izango dira: Mugi, BAT edo BARIK txartelak, gaur egun %50eko hobaria dutenak, San Sebastian Card, eta QR edo EMV titulu digitalak eta noizbehinkako bidaia txartela.
Bidaia garraio txartelarekin edo EMV txartelekin ordaintzen dutenek auzo guztietara doako aldaketak egin ahal izango dituzte Dbuseko sarean. Era berean, garraio txartelik ez duten bisitariek QR kodea duen bidaia txartel berria eskuratu ahal izango dute, Dbuseko aplikazio ofizialaren bitartez, zeina iOS eta Androiderako eskuragarri dagoen. Bidai txartel horrekin, Dbuseko sare osoan nahi beste bidaia egin ahal izango dituzte, bidaia txartela erosi eta hurrengo 30 minutuz, 24 orduz edo 48 orduz.
Harrera ona
Udalaren esanetan, zerbitzu honek joan-etorriak errazten ditu, hirian garraio publikoa sustatzeko eta trafikoa murrizteko helburuarekin. 2021ean abian jarri zenetik, herritarrek harrera ona egin diote. Hala erakusten dute 2023ko datuek, orduan 7.616 bidaia egin baitziren eta 2022. Urtean berriz, 7.011 bidai, hau da, %8,6 bidai gehiago.
Horregatik guztiagatik, eta Gabonetako kanpainan Donostiara autoz hurbiltzen diren pertsona guztien artean erabilera sustatzen jarraitzeko, Mugikortasun Departamentuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak akordio bat egin dute, errepide nagusietan jarritako argi panelen bidez zerbitzu horren berri emateko.