Herritarren partaidetzarekin eraiki behar da hiria
Donostiako Udala urrun ikusten dute herritarrek. Eragiten dieten udal politikekiko interesa oso apala da, 2024ko Hiritarren Pertzepzio Inkestak berretsi duenez. Udalak partaidetza prozesuak eta egitasmoak sustatzen ditu, baina donostiar gutxi erakartzen dituzte. Izan ere, herritarrek hiri mailako erabakietan parte hartu nahi dute, eta ez azken hitza soilik udalarena den partaidetza prozesuetan.
Lau urtean behin egin ohi dira Donostiako udal hauteskundeak. Botoa emanez parte hartzen dute hirian erroldaturiko herritarrek. Partaidetza, ordea, ez da horretara mugatzen. Udal politikan parte hartzeko eta parte izateko beste hainbat modu daude: partaidetza prozesuak, aurrekontu parte hartzaileak, herri kontsultak eta abar. Hedabide honek lehendabizikoari erreparatu dio, Donostiako Udal Gobernuak hainbat partaidetza prozesu egin dituelako azken bi legealdietan. Horietako batzuk Donostiako Udalaren webgunean ikus daitezke, Auzhartu izeneko herritarren partaidetzarako plataforma digitalean ikus daitezke. Egiari zor, denbora darama eguneratu gabe, eta zaharkitua geratu da. Ordea, donostiarrek partaidetza prozesuetan parte hartzen dute?
Iraila bukaeran, 2024ko Hiritarren Pertzepzioaren Inkestaren emaitzak jakinarazi zituen udalak. Maiatzetik uztailera bitartean Data Key enpresak 16 eta 84 urte bitarteko pertsonei egindako 1.213 inkesten gainean egindako azterlana dute oinarri. Besteak beste, herritarren parte hartzeari buruzko datuak jasotzen ditu inkestak. Oro har, eta jasotako erantzunen arabera, udal gaietan parte hartzeko interesa —herritarren parte hartzea— pixka bat handitu da 2017ko inkestarekin alderatuta. Zehazki, hiru pertsonatik batek adierazi du interes hori baduela. Hala ere, herritarren %13k soilik adierazi du herritarren elkarte edo erakunderen bateko kide dela. Egindako inkesten arabera, donostiarrek urrun ikusten dituzte udala eta udal politikak.
Aurreratu moduan, egungo udal gobernuak partaidetza prozesu batzuk egin ditu azken bi legealdietan. Hedabide honek horietako lau aukeratu eta aztertu ditu. Horietako bitan parte hartu duten herritarrak pozik daude, baina beste bietan ez horrenbeste.
Bidebieta parkea
Udalak 2022an egin zuen Bidebieta parkea berritzeko partaidetza prozesua. Dena dela, 2020an, hainbat auzotarrek osaturiko talde batek inkesta bat egin zuen parkearen erabiltzaileen artean, gabeziak eta beharrak zeintzuk ziren jakiteko. Horrela gogoratu du Jon Tamayo Bideak auzo elkarteko presidenteak, eta talde hartako kide izandakoak: «Inkesta hartatik ondorio batzuk atera genituen, eta aurreproiektu bat idatzi genuen. Ondoren, Bideak auzo elkartea sortu zenean, proiektua findu eta aurrekontu parte hartzaileen prozesura aurkeztu genuen. Ordea, udalak prozesu atera zuen, bozkatu ez zedin, eta Ekialdeko Barrutira bideratu zuten. Han aurkeztu genuen proiektua, eta barrutiko batzordeak onartu egin zuen».
“Auzotarrek nahi zuten parkea da. Beraz, primeran. Guretzat garaipen bat da”
Jon Tamayo, Bideak auzo elkartea
Parkea berritzeko auzotarrek egindako lana eta galdeketa aintzat hartu zituen udalak. Horrela ere, partaidetza prozesu propio bat egitea erabaki zuten. «Ez genuen ulertu arrazoia, lanak lizitatzeko moduan zegoelako proiektua. Horrek dena atzeratu zuen, beharrezkoa ez zen partaidetza prozesu bat egin nahi zuelako udalak. Gainera, soilik hamar bat bizilagunek parte hartu genuen. Gure inkesta osatzeko herritar gehiago inplikatu ziren», nabarmendu du Tamayok. Paisaje Transversal hirigintza enpresa arduratu zen prozesua kudeatzeaz, eta gustura geratu zuten egin zuten kudeaketarekin: «Guk haiei emandako inkesta oinarritzat hartu zuten, eta, horregatik, duela lau urte proposatu genuen proiektuaren %95arekin bat egiten du».
Bidebieta parkea duela 30 bat egun hasi ziren berritzen, lanak adjudikatzeko atzerapen asko izan ondoren. «300.000 euroko aurrekontua ezarri zen, baina enpresa eraikitzailerik ez zen lehiaketara aurkeztu. Ondorioz, kostua igo, eta enpresa bat lortu zuen udalak. 500.000 eurotik gorako kostua izango du», azaldu du Tamayok. Aldiz, obra bukatzeko sei hilabeteko epea ezarri zuten, eta, beraz, 2025. urte erdirako espero da Bidebieta parkea berritzea. Hobekuntzei dagokienez, bakarrik garbitzen den komun publiko bat jarriko dute kale mailan, pergola berrituko dute, plaza zabal eta garbi bat atonduko dute eta piknik mahaiak jarriko dituzte, besteak beste.
Urtetako eskaera izan arren, eta asko kostatu zaiela aitortu arren, Tamayo «oso pozik» dago lorturikoarekin: «Auzotarrek nahi zuten parkea da, beraz, primeran. Guretzako garaipen bat da».
Amara Berriko espazio publikoa
Denboran atzera egin behar da EPAH! partaidetza prozesua berreskuratzeko. Hain zuzen ere, 2018ko irailetik 2019ko martxora bitarte egin zen Amara Berriko espazio publikoaren aktibazio eta hobekuntza plana. Bilduren udal gobernuak sustatu zuen Paisaje Transversal enpresarekin elkarlanean, eta adosturikoak aurrera eramateko konpromisoa hartu zuten EAJk eta PSE-EEk. «Hasieran ez genuen sinesten baliagarria izango zenik, baina egindako lanketarekin oso gustura geratu ginen», dio Xabier Berridi Amara Berri auzo elkarteko kideak. «Bileretan 30 auzotarrek baino gehiagok parte hartu zuten, eta beste horrenbeste egin ziren beste jardueretan», gaineratu du.
«Partaidetza prozesuaren txostena apal batean izan dute denbora luzez, baina gauzak egiten ari dira»
Xabier Berridi, Amara Berri auzo elkartea
Sei urte luze pasatu dira ordutik, eta, pixkanaka bada ere, Amara Berriko espazio publikoa hobetzeko proiektuak egin ditu udalak. «Partaidetza prozesuaren txostena apal batean izan zuten denbora luzez, baina, atera ahala, gauzak egiten ari dira. Esaterako, Soldaduen plaza berritu zuten, hainbat kaletan konponketak egin zituzten, eta, une honetan, Amezketarren kalea hobetzen ari dira», azaldu du Berridik.
Sorleku parkea
Bidebieta parkearekin gertatu ez den moduan, Sorleku parkearen proiektua geldirik dago. Alubi elkarteak 2017an jarri zuen abian, Donostiako Udalaren MartxUp programaren bitartez. Ondoren, bi parte hartze prozesu egin zituzten. Lehena, Zurriola Ikastolako haurrekin, 2018 eta 2019 urteen artean. Bigarrena, berriz, 2021ean auzoko beste haurrekin, adinekoekin eta elkarteekin. Patricia Saez Marrutxipiko auzo elkarteko kideak gertutik jarraitu zituen partaidetza prozesuak: «Guztira, 300 haurrek baino gehiagok parte hartu zuten. Bilera eta saio asko izan ziren. Ilusio handia sortu zen».
«Guztira, 300 haurrek baino gehiagok parte hartu zuten. Ilusio handia sortu zuen»
Patricia Saez, Marrutxipiko auzo elkartea
Ilusio hura zapuztu ez den arren, Sorleku parkearen etorkizuna argitu gabe dago. Udal gobernuak adosturiko lekuan eraikiko dela dioen arren, parkearen aldeko herritarrak kezkatuta daude. Horrez gain, Marrutxipi inguruan eraiki diren azpiegiturek auzoari zerbitzurik eskaini ez diotela dio Saezek: «Marrutxipiko lotuneak, ehunka zuhaitz zituen pasealeku bat suntsitzeaz gain, trafikoa, zarata eta kutsadura ugaritu ditu. Sorleku auzoan geratzen den lursail libre bakarra da, eta eremu handi horren alde baten eta bestearen arteko zubi lana egiten du. Ondorioz, bertan eraikitzea funtsezkoa da».
Añorgako Geltokia
Hirigintza proiektu batzuk onartzeko, udalak partaidetza prozesuak egin behar ditu, legea betetzeko. Horren eredu, Añorga Txikin 249 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dituen plana. Ordea, Añorgako Geltokia hirigintza proiektuaren parte hartze prozesua Donostiako Udalbatzak onartu zuen 2021ko urriko osoko bilkuran. Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk aurkezturiko mozio bateratua onartu zuten. «Udal gobernuak egina zegoela esan zuen, baina gezurra zen. Hilabete batzuetara, bilera ireki bat antolatu zuen udalak auzoan bertan», adierazi du Lore Iturrik, Añorga Txikitarrak auzo elkarteko kideak.
Añorga Txikin dagoen Amassorrain ikastolan egin zuten bilera ireki hura, 2022ko uztailaren 5ean. «Auzotarrekin egin zuten bakarra izan zen. Egia da auzo elkartearekin hainbat bilera egin zituztela, baina herritarren iritzia ez zuten aintzat hartu. Horrela, proiektuaren xehetasunak eman zituzten bileran, eta kontra agertu ziren parte hartu zuten herritar guztiak; 300 inguru», kritikatu du Iturrik. Auzotarren aurrean, udalak hainbat konpromiso hartu zituen idatziz, eta horiek ez direla betetzen ari dio auzo elkarteko kideak: «Firestone lantegia zegoen lursailaren azpian 100 aparkaleku eraikitzea adostu genuen, bakoitza 15.000 euroko —gehi BEZa— prezioan. Ordea, Gailur enpresa eraikitzaileak kopurua gutxitu eta prezioak garestitu ditu. Zehazki, 50 aparkaleku egitea aurreikusi dute, adosturikoen erdiak, eta prezio aldetik %40 garestiagoak dira».
«Enpresa eraikitzaileak du orain boterea, eta beraien interesak lehenetsiko ditu udalak»
Lore Iturri, Añorga Txikitarrak auzo elkartea
Partaidetza prozesuan, batez ere, Añorga Txikin 249 etxebizitza eraikitzearen aurka egin zuten herritarrek. «Etxebizitza gehiegi dira horren eremu txikirako. Ordea, udalak aurrera egin du. Enpresa eraikitzaileak du orain boterea proiektu honetan, eta beraien interesak lehenetsiko ditu udalak», deitoratu du Iturrik. Etxebizitzak eraikitzeko aurretiazko lanekin hasi dira dagoeneko, eta 2028ko irailerako bukatzea aurreikusten dute. «Proiektua makilatzeko, Añorga Txikiko igogailua 2027ko irailerako prest egongo dela esan digute», esan du Iturrik.
Partaidetzaren gabeziak
Donostiako Udalak sustatzen duen partaidetzak gabeziak dituela uste dute lauek. Dena dela, Jon Tamayo izan da zorrotzena: «Donostiako partaidetza irreala da. Herritarren ahotsa ez da kontuan hartzen. Udalak ezin du partaidetzaren bandera astindu, parte hartze erreala sustatzen ez duenean. Herritarren eta eragileen iritziak jasotzen dituzte, baina horrek ez du esan nahi aintzat hartuko dituztenik». Xabier Berridi, berriz, ezkor agertu da: «Oro har, jendeak parte hartzeko interes gero eta gutxiago dauka. HAPOa berritzeko aurrerakinaren partaidetza prozesuan ikusten ari naiz. Hiru bileratan izan naiz, eta batean sei lagun baino ez geunden. Herritarren ustez, udalak nahi duena egiten du, beraz, zertarako parte hartu?».
Partaidetza prozesuen helburua herritarren iritzia aintzat hartzea izan behar dela uste du Patricia Saezek: «Zertarako balio du partaidetza prozesu batek, ondoren emaitzaren berri ez badugu? Ez du balio udalak auzoak entzuten dituela iragartzeak, harturiko konpromisoak betetzen ez baditu». Aldiz, Lore Iturrik argi dauka udalak zertarako erabiltzen dituen partaidetza prozesuak: «Txostenak osatzeko egiten dituzte. Tramite hutsak dira, benetako interesik gabe».