Zabalzaren omenaldiaren aurkako presioa egiten ari dira AVT eta DyJ
Donostiako Udalak Mikel Zabalzaren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du bihar (hilak 30) Intxaurrondoko Baratzategi kalean, Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean. Horren aurrean, PPk azken egunotan esan du “iraingarria” dela plaka bertan jartzea, eta ildo beretik jo dute orain AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak eta Dignidad y Justicia elkarteak. Gogoratu behar da Guardia Zibilak 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuela Zabalza orbaizetarra Altzako bere etxean, Intxaurrondoko kuartelera eraman zutela, bertan hil arte torturatu zutela eta handik hogei egunera agerrarazi zutela, Bidasoa ibaian (Endarlatsan, Nafarroan).
Hain zuzen ere, gutun bana helarazi diote elkarte horiek Eneko Goia alkateari, presioa egiteko eta plaka jartzeko ekitaldia bertan behera utzi dezala eskatzeko. AVTk dio plaka hori Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean jartzeak “mindu” egiten dituela “terrorismoaren biktimak”, Guardia Zibila “hiltzaile gisa seinalatzen duelako”. Halaber, AVTren ustez, “plaka horiek tresna bat gehiago dira hemen bi bando aurrez aurre egon zirela eta bi aldeetan biktimak egon zirela ikusarazteko”.
Halaber, elkarte horrek dio ezin dela hitz egin polizia indarkeriaren biktimez, baizik eta, “poliziaren aldetik kalteren bat gertatu zela frogatu daitekeen kasuetan (kasu honetan ez da hala), gertakari isolatu eta puntualez” hitz egin ahalko dela.
Ildo beretik jo du Dignidad y Justicia elkarteak bere idatzian, esanez Zabalza ETAko militantea zela —ez da inoiz halakorik frogatu— eta kritikatuz Zabalza oinarri politikoko biktima gisa onartu izana.
Biktima gisa aitortua
Zabalzaren gertukoen urte askotako borrokaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak biktima gisa onartu zuen Zabalza 2022an, eta gauza bera egin zuen Nafarroako Gobernuak aurtengo maiatzean. Udalak jarriko duen plaka orbaizetarraren kasuaren aitortzan beste pauso bat da, beraz.
Espainiako Gobernuak, aldiz, duela ia 40 urte ezarritako bertsio ofizialari eusten dio; ETAren zulo bat egiaztatzera eraman zutenean, ihes egin eta Bidasoan ito zela dio bertsio horrek. Ordea, Pako Etxeberria forentse ezagunak behin baino gehiagotan gezurtatu du bertsio hori, eta, 2021ean, CESID-eko (Centro Superior de Informacion de la Defensa) koronela zen Luis Alberto Peroteren eta Enrique Rodriguez Galindo Intxaurrondoko kuarteleko buruaren aginduetara zegoen Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa baten grabazioa argitaratu zen: “Esku artetik joan zaie, galdeketan gelditu zaie”, zioen Gomez Nietok bertan.
Bestalde, Zabalzaren kasuko dokumentuek klasifikatuta jarraitzen dute, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea 2022an desklasifikatzeko prest agertu bazen ere. Ez da ahaztu behar, halaber, kasuarekin lotutako Arturo Espejo guardia zibila mailaz igo zuela Espainiako Gobernuak iaz, Margarita Robles eta Fernando Grande-Marlaska ministroek bultzatuta.