«Betirako geratuko da idatzia Mikel kuartel honetan hil zutela»
Jendetzak parte hartu du gaur Mikel Zabalzaren aldeko ekitaldian, Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean. Alderdi Popularrak ez du omenaldian parte hartu nahi izan.

Donostiako Udalak eta dozenaka herritarrek omenaldia egin dute gaur eguerdian Intxaurrondon, Mikel Zabalzaren erailketaren 39. urteurrena oroitzeko. 1985ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta 20 egunera hilda agertu zen. Bertsio ofizialaren arabera, Zabalzak ihes egin nahi izan zuen, eta Bidasoa ibaira erorita itota hil zen. Senideek ez dute inoiz sinistu bertsio ofiziala, eta Guardia Zibilak torturatuta hil zuela salatu izan dute beti. Halaxe onartzen dute, baita ere, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak baita ere.
Alderdi Popularrak, biktimen elkarteek eta hainbat erakunde Polizialek polemika sortu nahi izan dute, plaka Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean jartzea “iraingarria” delakoan, eta, honela, udaleko PPko ordezkaririk ez da izan omenaldian. Edonola ere, inoizko plaka jartze jendetsuena izan da.
Idoia Zabalzak, Mikelen arrebak, azaldu du “oso pozik” dagoela sendia, azkenean, udalaren aldetik omenaldia jaso dutelako: “Badakigu egiaren jabe garela, eta plaka hau izateak, sostengu handia ematen digu, memoriari dagokionean. Pozik gaude betirako geratuko delako idatzia Mikel kuartel honetan hil zutela”. Eskerrak eman dizkio, bereziki, Donostiako Udalari, “biktimen memoria babesteko hartu duen konpromisoagatik”, eta,baita ere, urte guzti hauetan haien “alboan” izan diren herritarrei.
Eneko Goia alkateak, polemikaren inguruan galdetuta, honakoa adierazi du: “Giza eskubideen batzordean argi erabaki genuen biktima izaera zutenak Jaurlaritzak egindako erretratuan jasotzen zirenak zirela, distintziorik gabe, eta horri eusten diogu. Mikel Zabalza hala kontsideratuta dago, bai Eusko Jaurlaritzaren aldetik eta baita Nafarroako Gobernuaren aldetik ere. Beste kasu guztietan bezala jokatu dugu”.
Edonola ere, biktimen elkarteko kideekin hitz egingo duela adierazi du Goiak. Alderdi Popularra ez etortzea “errespetatzen du”.















Placa en homenaje a Mikel Zabalza, víctima de acción policial en 1985. En el acto familiares, representantes de la Corporación, la Vicepresidenta de Navarra y el director de Derechos Humanos del Gobierno Vasco. @aneoyar @inagaba @CarlosgarciaPse @JuantxoMarrero @InigoGarvi pic.twitter.com/Ljw1JVL7dx
— SocialistasDonostia (@SocialistasDono) November 30, 2024