Erreakzionarismoari aurre egitera deitu du EHKSk Egian egindako ekitaldi jendetsuan
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ekitaldi jendetsua egin du gaur eguerdian Egiako Blas de Otero plazan, Gorakada erreakzionariori aurre egin lelopean. Europan eta Euskal Herrian nabarmentzen ari diren diskurtso arrazista, misogino eta homofoboek Donostian bere oihartzuna dutela nabarmendu dute, eta, adibide gisa, Kaleko Afari Solidarioen kontrako kanpaina eta Lo Que No Te Cuentan De Donosti taldea izan dituzte hizpide.
Ohartarazi dutenez, erreakzioaren agenda ez dator beti eskuin muturraren eskutik, eta alderdi tradizionalek ere, bere papera jokatzen dutela uste dute: “Klase ertainaren biraketa” gertatzen ari dela uste dute, eta sozialdemokraziari egotzi diote arduraren zati bat, politika autoritarioekin jarraitzeagatik, eta gerraren eta austeritatearen aldeko jarreragatik. Hain zuzen, Garazi Navarro bozeramaileak adierazi du sozialdemokrazia “ezgai” dela alternatibak eskaintzeko.
Erreakzioaren gorakada
Uste dute Euskal Herria ez dagoela joera horien “arriskutik kanpo”, eta adibiderik ere jarri dute: “Diskurtso baztertzaileen gorakada ematen ari da, eskuin muturreko joerak areagotzen ari dira eta orain dela urte batzuek arte pentsaezinak ziren diskurtsoak hedatzen ari dira emakumeen, LGTB kolektiboaren eta etorkinen aurka, baita mobilizazioak egiteraino ere”.
Donostiako gertakariak ekarri dituzte gogora, eta nabarmendu “langile klasearen pobretzea dagoela oinarrian” eta horri ez zaiola aurre egiten “langileen eskubide politikoak murriztuz, polizia gehiagorekin eta debekuekin”. Aitzitik, baliabide gehiago behar direla uste dute eta horretarako “oztopo nagusi” bat identifikatu dute: “eredu kapitalista bera eta agintean dagoen oligarkia”.
Faxismo berri hau ideologikoki eta politikoki borrokatzeaz gain, kaleetan borrokatzeko deia egin dute. Honela, “militantzia osoari” dei egin diote faxismo berriari eta erreakzioari aurre egiteko eta horretarako “klase batasunerako” deia eginez. Arrazista, misogino eta matoi faxistak gelditzeko deia egin dute, langileen antolakuntzaren bitartez.
Gudaren eta faxismoaren aurrean “mobilizazio handien beharra” nabarmenduz bukatu dute ekitaldia.