183 maizterren egoera «zaurgarria» salatzeko mobilizatuko da Kaleratzeak Stop
Kaleratzeak Stop plataformak elkarretaratzea egingo du asteazkenean (hilak 4), Gipuzkoako 183 maizter familiaren egoera salatzeko; 11:00etan izango da elkarretaratzea, Andia kalean. Plataformak azaldu duenez, familia horiek abenduaren 31ra arte etenda dituzte kaleratze aginduak, baina hori ahalbidetu duen dekretua ez bada luzatzen, “kalean geldituko dira, alternatibarik gabe”. Horrela, kaleratze agindua eten duen dekretua urtebetez luzatzeko eskatuko dute.
Plataformak gaineratu duenez, “Donostia, Irun eta Errenteriako udalerri tentsionatuetan bizi diren 183 familia kaltebera horien drama, errentak ez ordaintzeagatik edo kontratuak amaitzeagatik kaleratze aginduak dituztenak, biderkatu egiten da Gipuzkoako eta EAEko gainerako udalerrietan, ezin dutelako ordaindu alokairu espekulatiboen igoera, eta ezin dutelako alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratu Gipuzkoako alokairu publikoko parkearen defizit kronikoaren ondorioz”. Izan ere, gogorarazi dutenez, “Gipuzkoan 8.423 etxebizitza daude Etxebideren zerrendetan izena emanda duten 21.795 pertsonentzat, eta Euskadin 27.720 dira alokairu sozialeko etxebizitza baten 78.475 eskatzailerentzat”.