Donostiako turistifikazioa, datutan
Hiri bat turistifikatuta dagoenean, arlo askotan nabaritzen da horren eragina: ekonomian, lan baldintzetan, hiri paisaian, etxebizitzaren prezioetan, espazio publikoaren erabileran, eta abar. Donostia beti izan da hiri turistikoa, garaian garaiko erabaki politiko eta ekonomikoek sustatuta, baina, egun, asko dira turistifikazio prozesuak goia jo duela uste duten norbanako eta eragileak. Horren erakusgarri da, besteak beste, turismoa hirira erakartzeko orduan mugara iritsi direla uste duela donostiarren %82,3ak, azken Herritarren Pertzepzio Inkestaren arabera; halaber, 50 eragilek baino gehiagok turistifikazioaren aurkako manifestazioa babestu zuten urrian.
Donostian, Bizilagunekin plataforma da turistifikazioaren aurkako borrokako erreferente nagusia, urteak baitaramatza desazkunde turistikoa aldarrikatzen, neurriak proposatzen eta mobilizazioak eta jarduerak antolatzen. Ildo horretatik, berriki, hiriko turistifikazioa agerian uzten duten zenbait datu argitaratzen aritu da sare sozialetan.
Bisitariak eta ostatuak
Alde batetik, hiriko bisitarien eta horiek hartzeko Donostian dauden ostatu turistikoen inguruko zenbait datu ekarri dituzte hizpidera. Alde batetik, bisitarien datu orokorra: 2023ko irailetik 2024ko abuztura, 1.279.000 bisitari izan ditu Donostiak (190.000 biztanle ditu hiriak), ohiko bizitokia Gipuzkoako beste udalerriren batean duten bisitariak kontuan hartu gabe.
Bisitarien jatorriaren inguruko datuak ere aztertu ditu plataformak, eta “elitizazioa” gailentzen ari dela nabarmendu dute: “Gehien hazi diren bisitarien jatorria Japonia, Australia, Austria, Alemania, Danimarka, Kanada edota Suedia nabarmentzen dira. Aldiz, Hego Euskal Herriko, Frantziako eta Espainiako Estatuko jende gutxiago heldu da”. Era berean, Donostiakp ostatu turistikoetako sarrerak eta gaualdiak etengabe hazten jarraitzen dutela azaldu dute: “Sarrerak eta gaualdiak hazkunde iraunkorrean daude azken urteetan, turistifikazio prozesua azeleratu delako. Oso hiri gutxitan errekuperatu zen turismo jarduera pandemiaren eraginetik Donostian bezain azkar”. Jarraian dituzue horri buruzko datuak, infografietan.
Ostatu turistikoei dagokienez, hauek dira datuak: 1.381 etxebizitza turistiko daude Donostian, 144 logela turistiko, 167 hotel —126 izar batekoak edo bikoak eta 41 hiru izarretik gorakoak— eta 27 aterpetxe eta bestelako ostatu turistiko. Hotelen eta aterpetxeen kasuan, alderaketa adierazgarriak egin ditu plataformak. Alde batetik, 2014tik 2024ra, %56 igo da hotelen kopurua hirian: %42 izar bat eta bi artean dituztenen kasuan eta %128 hiru izarretik gora dituztenen kasuan. Bestetik %69 igo da aterpetxeen kopurua, denbora tarte berean.
Ildo beretik, ostatu turistikoetako gelen batez besteko prezioaren igoera eta hoteletako plazen dentsitatea ere aztertu dituzte: “Euskal Autonomia Erkidegoko prezio garestienak eta errentagarritasun altuena dute Donostiako ostatuek. Bizilagunek turistifikazioaren ondorioak pairatzen ditugun bitartean, hotel jabe gutxi batzuk aberasten ari dira”. “Azken zortzi urteotan, 50 hotel berri baino gehiago irekitzeko lizentziak eman dira. Oraindik ez dugu horien guztien irekieraren eragina ikusi”, gaineratu dute. Jarraian dituzue datu horien inguruko infografiak.
Eragina ostalaritzan
Turistifikazioak, noski, ostalaritzan ere badu eragina, eta hori ere mahaigaineratu du Bizilagunekinek. Alde batetik, zenbait datu adierazgarri: igo egin da, azken hamar urteotan, hiriko jatetxe eta janari postuen (%45), catering zerbitzuen (%283) eta bestelako janari zerbitzuen (%78) kopurua. Aldiz, jaitsi egin da edari establezimenduen kopurua (%25): “Gertuko ostalaritza familiarraren eredua galtzen; ekitaldietako ostalaritza eta ostalaritza talde handien eredua indartzen. Lan baldintza prekarioen eta aberastasunaren banaketa desorekatuaren eredua da”.
Ildo beretik, ostalaritza ereduaren bilakaera ere grafiko batean jarri dute ikusgai, behean duzuena. “Ixten ari diren tabernen lekua jatetxeak hartzen ari dira. Turismoaren sustapenerako estrategiak gastronomian oinarritzearen eta bezero dirudunago bat xede hartzearen emaitza da joera hau, besteak beste”, nabarmendu dute.
Etxebizitzaren prezioa
Etxebizitzaren prezioan du eragina, bereziki, turistifikazioak; Donostian, goranzko joera etengabean dago alokairuaren zein erosketaren prezioa. Hain zuzen ere, hori erakusten duten datuak ere hizpidera ekarri ditu plataformak, behean ikus ditzakezuenak. “Turistifikazioaren ondorioak ez dituzte sufritzen kalean turista asko ikusten diren auzoek soilik. Hiri osoan du eragina fenomenoak eta auzo guztietara hedatuta dago”, salatu dute.