Oihana Iguaranek Arrasaten irabazita, aulki jokoa amaitu da
Oihana Iguaran lehenengo gelditu da Arrasateko Uarkape pilotalekuan izan den azken finalerdian. 519 puntu eskuratu ditu eta abenduaren 14an Illunben jokatuko den finalerako aulkia lortu du. Puntuazioz, Arrasateko seikotetik Iguaranekin batera, Andoni Rekondo hernaniarra sailkatu da eta finalean arituko diren zortzi protagonistak ere erabakita gelditu dira.
Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo eta Aner ‘’Euzkitze’’. Horiek kantatuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean, abenduarren 14an, arratsaldeko 17:00etan Illunben. Maider Arregi oñatiarra zortzigarren aulkian esertzetik puntu batera gelditu da Arrasaten hirugarren postuan 511 punturekin gelditu ostean. Arrasateko finalerdiko sailkapena honela gelditu da: Oihana Iguaran (519 p.), Andoni Rekondo (513,5 p.), Maider Arregi (511 p.), Agin Laburu (499 p.), Eñaut Martikorena (482 p.) eta Iñigo Mantzizidor ‘’Mantxi’’ (478 p.).
Arrasaten jokatu den azken finalerdien zain bertsolari eta bertsozale mordoa zeuden. Izan ere, bertan gertatzen zenak erabakiko zituen finaleko bertsolariak. Batzuen poztasuna besteen etsipenarekin nahastu da. Hasiera hasieratik, norgehiagoka gorengo mailan mantendu dute kantuan ibili diren sei gipuzkoarrek. Bertsoaldi bikainak sortu dituzte eta harrigarria izan da 519 puntutan gelditu izana bertako irabazlea. Gainontzeko finalerdietako irabazleak eta bigarren postukoak alderatuta, oso puntuazio baxua lortu baitute. Eta ez dute bertso-saio txarra egin; guztiz kontrakoa. Iguaranek sekulako erakustaldia egin du Andoni Rekondo eta Maider Arregirekin batera. Hiru bertsolariak oso maila altuan ibili dira saio osoan zehar. Akats gutxi egin dituzte eta asmatu behar zen momentuan ale txalogarriak plazaratu dituzte Uarkape pilotalekuko harmaila beteen aurrean. Agin Laburu, Eñaut Martikorena eta Iñigo Mantzizidor ‘’Mantxi’’ koska bat beherago ibili dira, baina hala eta guztiz ere, saio ederra egin dute. Horren adierazle nagusia lehenengoaren eta seigarrenaren artean soilik 41 puntuko aldea izatea da.
Puntuak puntu eta usteak uste, finalerdi honek ariketa guztietan utzi dizkigu lan ederrak. Azpimarratzeko lanak izan dira zortziko handian egin behar izan dituzten lehenengo eztarri-urraketak. Zortziko txikian ere bikain asmatu dute. Rol antagonikoen formatuan egin dituzte finalerdietako zortziko txikiko lanak. Uarkape pilotalekuan kantuan aritu diren sei protagonistek bete-betean asmatu dute ariketa honetan. Izan ere, orain artean justu samar eta sufritzen ibili dira lanaldi honetan beste finalerdietan. Mantxi postaria eta Rekondo bizilagunaren paperean jardun dira bertsotan. Iguaran eta Arregi dentistaren eta goxoki-saltzailearen ahotik aritu dira xaxaka. Eta azkenengo bikoteak, Martikorenak eta Laburuk, igarlearen eta bezeroaren elkarrizketa burutu dute. Hiru bertsoaldiak bikainak izan dira eta behin eta berriz kotxean lanerako bidean entzuteko modukoak. Puntuka ere asmatu dute oholtza gainean zeuden protagonistek eta ganbaran, seiko motzeko ariketa exijentean, ere egon dira hizketa aipagarriak. Bakarkakoetan gai ezberdinetatik kantatu dute, paper eta testuinguru desberdinak plazaratu baitizkie Imanol Artola ‘’Felix’’ gai-jartzaile amezketarrak. Azpimarratzekoak izan dira Arregiren eta Iguaranen bakarkako lanak.
Orokorrean, saio ederra izan da eta azken finalerdiak titular asko utzi dizkigu. Finalaren aurreko azken saioak beti baitu zeresan handia. Batzuentzat ez zen izango amestutako saioa edo eurek bizi izan duten moduko saioa. Besteentzat aldiz, behin eta berriz errepikatzeko eguna izan da. Ezin dira bertsolari guztiak sartu finalera, baina finalerdi hauetan ibili diren hemezortzi bertsolariak sekulako maila erakutsi dute. Azken momentura arte, lehia eta bertso-maila ikaragarriarekin ibili dira. Atsekabetuta egongo dira Arregi, Laburu eta Mendizabal, eurak izan baitira finala atzamarrekin ikutzen egon diren hiru bertsolari. Arregi puntu eskasera bakarrik egon da, ezer ez eta denaren artean. Zer da puntu bat? Nola zehaztu diferentzia? Nola neurtzen da tarte txiki hori? Hori dute txapelketek, subjektibitate puntu bat beti lotuta izango du bertsoak eta dena ezin da zehatz-mehatz neurtu, momentuz.
Beraz, 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken saioa hemendik bi astera izango dugu. Abenduaren 14an Donostia bertsozalez beteko da eta Illunbera bertaratzen denak final ikusgarri bat gozatzeko aukera izango du. Zortzi bertsolari egongo dira, bakoitzak bere bertsoa sortzeko era bereziarekin. Gipuzkoako txapelaren lehian ibiliko dira nor baino nor zortzi gipuzkoarrak. Horretaz gain, aurreko asteetan aipatu genuen bezala, 25 urtez azpiko gazte onenaren saria ere jokoan izango dute Aner Euzkitzek eta Andoni Rekondok. Bi bertsolari hauek, Eneritz Artetxe azkoitiarrarekin batera, udaberrian jokatu zen sailkapen-fasetik iritsi dira finaleko aulkira. Koska guztiak azpi-azpitik gainditu behar izan dituzte, fase bakoitzean akats txiki bat egiteko ere aukerarik gabe. Hiru hauek izango dira aurtengo nobedadeak. Badute eskarmentua, badute bertsokera zirraragarria eta ez dira beste bost finalistetatik urrun ibiliko. Gaztelumendi, Labaka, Martin, Elustondo eta Iguaranek 2019ko finalean kantatu zuten eta aurtengo edizioko finalean ere izango dira. Zortzietako edonork irabaz dezake, faboritoak egon daitezke palmaresei eta aurrekariei erreparatuz gero, baina bertsoa bat-bateko artea izanik, iraganean erdietsitakoak ez du balio orainaldian eta etorkizunean irabazteko.