Algaraklown elkarteari emango diote Gipuzkoako Boluntariotza Saria, irribarreekin sendatzea helburu duten pailazoei
Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2024ko Boluntariotza Saria Algaraklown elkarteak jasoko du, 2012tik ospitaleratutako haurren egonaldia esperientzia atsegin eta gizatiarrago bihurtzea helburu duen boluntario taldeak.
Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak egiten duten lanaren garrantzia azpimarratu du, eta adierazi du “ezinbestekoa” dela halako ekimenek “txikienen eta haien familien bizitzan duten eraginari balioa ematea”. Peñak azpimarratu du sari honek boluntarioek Gipuzkoa kohesionatuagoa eta solidarioagoa eraikitzeko duten gaitasuna aitortzen duela.
Saria emateko ekitaldia abenduaren 5ean izango da, 18:30ean, Foru Jauregiko Gunean aretoan. Aurten Boluntariotza Sariaren XXX. edizioa izango da, eta ohi bezala, gizarte-lanarekin eta boluntariotzaren sustapenarekin duten konpromisoagatik nabarmendu diren pertsona eta gizarte-erakundeen lanari lekua ematea izango da helburua. Aurten, berritasun gisa, aitorpen sinbolikoaz gain, saritutako elkarteak 2.500 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko du.
Algaraklownek, ospitaleko pailazoen proiektuarekin, umorea eta enpatia baliatzen ditu tresna gisa, ongizatea eta laguntza emozionala emateko. Sari honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak lan sinbolikoaz haratago joan nahi du, eta egoera zailetan dauden haurren bizi-kalitatea benetan hobetzen duen lanari merezi duen aitortza eman nahi dio.
Sariak, Algaraklownen lana goraipatzeaz gain, boluntariotzaren aldeko apustua egitea du helburu, Gipuzkoan aldaketaren eta elkartasunaren alde eginez.
Urtero bezala, gizarte-erakundeek aukeratu dute sariduna. Aurtengo edizioan, Aspanogi, SOS Arrazakeria, Ortzadar, AGI, Kera Elkartea, Kemen, Begisare, Aspace, Adinkide eta DYA Gipuzkoako ordezkariek osatu dute epaimahaia.
12 pailazo eta 50 boluntario baino gehiago
Sortu zenetik, Algaraklownek umorez eta enpatiaz eraldatu du ospitaleko esperientzia. Fundatzaileetako batek, clown munduan urteak eman ondoren, beste herrialde batzuetan ospitaleko pailazoak zeudela jakin zuen, osasun-zentroetan laguntza handia ematen zutenak eta hortik sortu zen ideia. Beste lankide batzuekin batera Madrilen formatu zen eta 2012an ekin zioten proiektuari, prestakuntza sakon baten ondoren. Ordutik, Algaraklownek irribarreak eta lasaitasun emozionala ekarri dizkie ospitalean dauden haurrei, haien familiei eta osasun-langileei.
Gipuzkoako Boluntariotza Sariaren 30. urteurrena
Foru diputatuak nabarmendu du Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria funtsezko tresna dela lurraldean milaka boluntariok egiten duten “balio handiko lana” ikusarazteko, egunez egun trukean ezer espero gabe jardunez. Era berean, aitorpen honen helburua da boluntariotzak Gipuzkoa solidarioago baten eraikuntzan duen “garrantziaz eta onurez” sentsibilizatzea. “Lurralde solidarioa gara. 718.000 biztanle pasatxorekin 40.800 pertsona baino gehiago aritzen dira boluntario gisa”, adierazi du. Diputatuak berretsi egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak erakunde horiei laguntzen jarraitzeko konpromisoa duela, eta “funtsezkotzat” jo ditu gizarte “justuago, kohesionatuago eta solidarioago” baterantz aurrera egiteko.
Boluntariotza Saria duela 30 urte sortu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Gipuzkoako Hirugarren Sektore Sozialeko pertsonen eta erakundeen ahalegina eta konpromisoa omentzea du helburu. Aurreko urteetako sarituen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Nagusilan (2002), Hijas de la Caridad (2003), DEE (2004), CERMI (2005), Gipuzkoako Espetxe Pastoraltza (2006), Juan María Garitano (2007), Izan Fundazioa – Gizakia Proiektua (2008), Behar Bidasoa (2009), DYA Gipuzkoa (2010), Itxaropenaren Telefonoa (2011), Laringektomizatuen Elkartea (2012), Odol Emaileak (2013), Koldo Aulestia (2014), Gipuzkoako Elikagaien Bankua (2015), Hurkoa (2016), Atzegiko boluntarioak (2017), Jose Mari Soroa (2018), Charo Martínez Lascurain (2019), Begisare (2020), Kemen (2021), ATECE (2022) eta Aspace (2023).