Bazterkeria egoeran dauden herritarrentzako otorduen laguntzak onartu ditu udalak
Donostiako Udalak etxerik gabeko pertsonek ostalaritza zentroetan bazkaldu ahal dezaten 2025erako diru laguntzen deialdia onartu du. Otorduak II programaren bitartez, bazterkeria egoeran dauden pertsonen eta familien elikadura egokia bermatzea du helburu. Horretarako, hiriko ostalaritza zerbitzuak baliatzen dira, ingurune normalizatu batean janari beroa eta eramateko afaria izaten baitute eskura .
Programarekin hasteko, 357.000 euroko aurrekontua onartu du udalak, baina ez du baztertzen kopuru hori handitzea, erabiltzaileen kopuruak ere gora egiten badu.
Gaueko aterpea
Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Grupo 5 Acción y Gestión Social SA enpresari esleitzea Gaueko Aterpea gaueko harrera zerbitzuaren kontratua. Kontratuaren hasierako iraupena bi urtekoa izango da (bi luzapen izan ditzake, gehienez urtebetekoak) eta urteko esleipen prezioa 717.298 eurokoa izango da.
Bazterkeria egoeran dauden pertsonei laguntzeko zerbitzua da, bai eta aldi baterako egonaldia duten pertsonei eta etxerik gabeko pertsonei zuzendutakoa. Gaua pasatzeko aukera eskaintzen du, baita gosaltzeko eta higiene pertsonalerako oinarrizko prestazioak ere.