Altzako masifikazioaren aurka mobilizatuko dira
Ekialdeko auzoetako eragile ugarik deituta, Intxaurrondon, Bidebietan eta, bereziki, Altzan etxebizitza gehiago eraikitzearen aurka eta auzoak biziberritzearen alde mobilizatuko dira, hilaren 15ean, Harria parkean, 12:30ean —zarata egiteko zerbait eramatera deitu dituzte herritarrak—. Hain zuzen ere, hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) aurrerakinak aurreikusten du 5.000 etxebizitzatik gora eraikitzea ekialdeko auzoetan, gehienak Altzan; besteak beste, Auditz Akular berdegunean 3.000 etxebizitza eraikitzea planteatzen du aurrerakinak.
XX. mendearen bigarren erdialdeko desarrollismoak baldintzatuta, hiriko auzo populatuenetako eta masifikatuenetako bat da Altza, eta, horregatik, Historia ezin da errepikatu! lelopean mobilizatuko dira. Altza XXI Herri Ekimena da elkarretaratzera deitu duen eragileetako bat, eta gogoratu behar da plataforma horrek Odon Elorza alkate zen garaitik daramala proiektu horren aurka borrokatzen.
Altza XXIz gain, eragile hauek daude deitzaileen artean: Altzako Historia Mintegia, Altza Elkartasuna, Herrerako Herripe auzo elkartea, Osteguna elkartea, Oleta auzo elkartea, Buenavistako auzo elkartea, Lodabe auzo elkartea, Gure Bidea elkartea, Altzania elkartea, Bizarrain euskara elkartea, Ostadar elkartea, Showtime dantza taldea, Elkarte Berri, Intxaurrondo Berri Emakumeen Elkartea, Bidebietako Bideak auzo elkartea, Intxaurdi elkartea, IZBE auzo elkartea, Marruelkar elkartea eta Plazandreok.
Auditz Akularreko 3.000 etxebizitzez gain, aurrerakinak planteatzen du Herrerako Zardoya-Otis eremuan (Jolastokieta) 456 etxebizitza eraikitzea, Txingurrin 110, Esnabiden 240, Alfen 40, Oletan 150, Errotetan 60 eta Herrera-Intxaurrondo artean beste 1.255.