Instalazio artistiko bat, bakarrizketa bat eta liburu aurkezpen bat, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean
Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da abenduaren 10a, eta, horren bueltan, hainbat jarduera antolatu ditu Donostiako Udalak, Giza Eskubideen Sailaren bitartez eta beste udal sail batzuen laguntzarekin.
Alde batetik, 10:30ean, Espazioa instalazio artistikoaren inaugurazioa egingo dute. Iñigo Aristegi artistaren bost eskulturaz osatuta dago, eta Ekinn eraikinean (San Bartolome gaina, 16) bisitatu ahal izango da, martxora arte. “Artearen bidezko esperientzia murgiltzailea izango da, eta eskulturek, artearen bidez, Bizikidetza, Elkartasuna eta Bakea bezalako balioak islatuko dituzte”, udalak azaldu duenez.
Bestetik, 18:00etan, Antzoki Zaharrean, Thimbo Samb aktorearen El sueño es vida bakarrizketa izango da, migrazioaren gaian oinarrituta. Samb senegaldarra, aktorea, youtuberra eta aktibista da, eta, udalaren hitzetan, “45 minutuz bere bizipenak kontatuko ditu eta ikusleen aurrean arima biluztuko du”. Emanaldia doakoa da, baina edukiera mugatua du. Beraz, gonbidapenak erreserbatu egin beharko dira, Donostia Kulturaren webgunean edo Antzoki Zaharreko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan.
Azkenik, 19:00etan, San Telmo museoan, Safia El Aaddam idazle, dibulgatzaile eta aktibistak Hija de Inmigrantes liburua aurkeztuko du. Udalak azaldu duenez, “estatuan arrazakeriaren aurkako mugimenduan eragin handiena duen emakumeetako baten lehen eleberria da. Eleberri honekin, egileak osasun mentala jartzen du mahai gainean eta nola larritzen den etorkinen alaba eta jatorri afrikarreko arrazializatua izateagatik”. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte.