Belodromoa aldi baterako itxiko dute, lanak direla eta
Anoetako Antonio Elorza belodromoa aldi baterako itxiko dute hilaren 16tik aurrera, estalkia modu integralean eraberritzeko lanak direla eta. Zehazki, atletismo eta txirrindularitza pistak itxiko dituzte, eta gimnasioa eta jarduera aretoak irekita egongo dira. Donostia Kirola udal erakundeak eman du itxieraren berri, baina ez du argitu noiz arte iraungo duen itxierak: “Pistak berriz irekitzeko data fase berri honetako lanen garapenaren araberakoa izango da, eta, aldi berean, egoera meteorologikoek baldintzatuko dituzte, nahiz eta Donostia Kirolak baliabide gehiago bideratuko dituen lan horien erritmoa indartzeko, itxierak instalazio honetako ohiko kirolarien artean ahalik eta eragin txikiena izan dezan”.
Hain zuzen ere, estalkia eraberritzeko lanak fase berri batean sartuko dira orain, eta, hori dela eta, estalkiak arrisku handiagoa izango du eguraldi txarraren aurrean, bereziki, euriaren kasuan. Horrela, udalak azaldu duenez, “kirol jardueraren segurtasun arrazoiak eta hurrengo egunetarako eguraldi aurreikuspenak kontuan hartuta” hartu dute aipaturiko erabakia.