Kopa serio hartu du Realak
Bigarren kanporaketa Madrilgo Conquense taldearen aurka jokatuko dute txuri-urdinek (21:00).
Ligan eta Europan lehiakorrak izatearekin batera, Realak Espainiako Kopa serio hartu nahi du. Aurreneko kanporaketak maila apaleko taldeen kontra izanik ere, ezusteko batzuk dagoeneko gertatu dira. Alegia, lehen mailako talde batzuk dagoeneko lehiatik at geratu dira. Beraz, irabaztera jokatu beharko dute txuri-urdinek Conquenseren aurka, gaur, 21:00etan.
Bigarren kanporaketako neurketa Cuencako (Madril, Espainia) La Fuensanta futbol zelaian izango da. Conquense hirugarren mailako 5. multzoan dago, eta Ibiza gaindituta egin zuten aurrera. Realak, berriz, Jove Español menderatu zuen lehen kanporaketan (0-5).
Txuri-urdinen deialdiari dagokionez, lehen taldeko titular asko daude. Horrela ere, minutu gutxien izan dituzten jokalarien alde egingo du Imanol Alguacil entrenatzaileak. Okerrik ezean, Marrero ariko da atean, eta beraien aukera izan dezakete Jon Martin, Javi Lopez, Pacheco, Odriozola eta Ruperez atzelariek. Marin eta Olasagasti erdilariak ere hasierako hamaikakoan egon daitezke, eta Urko ere eskura izango du entrenatzaileak. Aurreko postuetan, berriz, Sadiq aurrelaria titularra izango dela aurreikusi daiteke. Magunazelaia, Mariezkurrena eta Becker ere erasoko jokoan ikus ditzakegu.