Udalak elkarte solidarioen lana goraipatu du Boluntarioen Nazioarteko Egunean
Donostiako Udalak Gabonetako kanpainan parte hartzen duten erakunde solidario guztien lana goraipatu du, boluntarioen Nazioarteko Egunean. Udaletik zehaztu dutenez, aurtengo Gabonetako kanpainan elkartasuna izango dute oinarri. Hala, merkatuko etxolak eta karpa solidarioak mantentzeaz gain, eragile solidarioek askotariko ekimenak egingo dituzte hil osoan zehar.
Udalak adierazi duenez, ondoko elkarteak izango dira postuetan: Aspace, SMH Aita Mari, Ukraina Euskadi Elkartea (Rodovid), Bizikletaz Adinik Ez (BAE), Mi Dulce Guerrero Elkartea, Zaporeak, eta AECC Gipuzkoa. Aurreikusitako jardueren artean, ‘Bizikletaz Adinik Ez’ elkarteak Gabonak gerturatuko dizkie egoitzetan bizi diren adinekoei.
Gainera, hilaren 15ean, Frantzia Pasealekuko igluan, boluntario izan nahi duten pertsonentzako BAE prestakuntza jardunaldia egingo dute. Bestalde, Zaporeak elkarteak, Lesbosera iristen diren errefuxiatuei bazkari duina eskaintzen dien elkarteak, pintxo pote solidarioa antolatuko du hilaren 13an, musika eta jai giroarekin; 28an, berriz, haurrentzako tailer bat eskainiko du, gazta artisau bat nola egin ikasteko.
Aspacek ere eskaintza du datozen egunetarako. Garuneko paralisia eta antzeko beste desgaitasun batzuk dituzten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten du, eta otar tailerra eta erakundeko erabiltzaileen produktuak eskainiko ditu etxola solidarioan. Aurten, berrikuntza gisa, Gabonetako zozketaren egunera arte, Gipuzkoako AECCren loteria solidarioa erosi ahal izango da Gabonetako Merkatuaren igluan.