Zaku bete proposamen, Donostiatik Durangora
Besteak beste, Olatz Salvador, Jule Goikoetxea, Oihane Jaka, Beñat Sarasola eta Itxaso Martin idazle eta musikari donostiarrek kaleratutako lanak emango dituzte ezagutzera Durangoko Azokan.
«Koloretsu, anitz, indartsu eta eder» bihurtu da Durangoko Azoka urteak pasatu ahala, halaxe zioen Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak joan den urrian, euskaltzale eta kulturazaleentzat erreferente bihurtu den plaza hau aurkeztu zuenean. 59 abendu dira jada eta urte hauetan guztietan hartu duen dimentsioa ikusgarria da.
Disko eta liburuen salmentaz harago, egitarau anitza eta oparoa antolatzen dute urtero: antzezlanak taularatzen dituzte, baita filmak eta dokumentalak proiektatu ere, hainbat talde eta bakarlariren zuzenekoak ikusteko aukera egoten da Ahotsenean, idazleek euren azken lanak aurkezten dituzte jendaurrean eta liburuak sinatu, Saguganbara guneak haurrentzako jarduerak hartzen ditu… Euskal kulturaz modu askotan gozatzeko aukerak nonahi izaten dira. Izan ere, hainbat arte diziplinatako sormen lanak ezagutzera emateko garai aproposa da eta Euskal Herri osotik etorritako sortzaile asko eta asko euren uzta ezagutzera emateko prest daude. Horien artean Donostiako musikariek, idazleek eta abarrek ez dute hutsik egiten urteroko zitara.
Olatz Salvador musikari amaratarra dugu horietako bat; Zintzilik (2018) eta Aho uhal (2021) lan luzeak kaleratu ondoren, Zainak eman hirugarren diskoarekin itzuliko da Landakora. Hamar kantuz osatuta, album berriaren abiapuntua fedea izateko beharra da, «dena likidoa eta eferbeszentea dirudienean, zerbaitetan konfiantza izateko beharra», azaldu du Salvadorrek. «Nork bere buruari eusteko zerbait bilatzea, harago joateko. Zarataren artean, argia edo espiritualtasuna bilatzea dela esan daiteke».
Sortzaile asko eta asko euren uzta ezagutzera emateko prest daude. Horien artean Donostiakoek ez dute hutsik egiten urteroko zitara
Marte Lasarte taldeak, bere aldetik, Ez da besterik estreinako diskoa plazaratu du. Skakeitan taldean hamabost urte eman ondoren, Borja Anton eta Pello Armendariz berriro elkartu, eta Marte Lasarte proiektua sortu zuten iaz. Taldeko ibilbide labur honetan, Lore Nekane Billelabeitia (Belako) eta Alex Alonso (Skakeitan, ETS, Tierra Santa, Gari…) musikariak batu zaizkie.
Disko berriak egunerokoan ematen diren argazki batzuk azaleratzen ditu, bakoitza bere argi eta itzalekin, eta horien inguruko ikuspegia ematen du, elkarbanatzeko egia baten bidean. «Maitasuna, desplazamenduak, denboraren martxa, dialektika, heriotza, gezurra, lana eta, oro har, gure arteko harreman moldeak dira lan luze honetan hizpide», azaldu dute taldekideek. Musika estiloari dagokionez, melodia itsaskor eta soinu gordinen arteko oreka bilatzen du laukoak, aurretik izandako joera eta klixe batzuekin apurtu nahian. Diskoa entzutean, hurrengo etiketak airean dabiltzala nabari daiteke: post-punk, drum’n’bass, dark pop, pop-rock, fuzz-punk, indie-pop, new-wave edo elektronika.
Literaturara salto eginez, Susa argitaletxeak Donostiako hainbat idazleren lanak izango ditu bere erakusmahaietan. Horien artean Jule Goikoetxearen Politeismo bastarta eta Beñat Sarasolaren Coca-cola bat zurekin liburuak ditugu.
Lehenari dagokionez, maiatzaren 24tik 27ra Fira Literal liburu erradikalen azoka antolatu zuten Bartzelonan, eta, jaialdiaren hamargarren urteurrenarekin bat eginez, Angela Davis gonbidatu zuten. Egun horiek Goikoetxearekin igaro zituen Davisek.
Azokatik kanpo elkarbanatutakoak (taxi bidaiak, bizitzeko gogoz betetako taberna-zuloak eta jauregiak), elkarrekin pentsatutakoak (Sarah Ahmeden, Vandana Shivaren eta hoteleko garbitzaileen ahotsak) eta horietatik abiatuta irudimenak sortutakoak biltzen ditu umorez eta bizitasunez blaitutako lanak.
Sarasolak bigarren eleberria du Coca-cola bat zurekin. Oraingoan, Grosekoak Frank O´Hara poeta estatubatuarraren olerki bat hartu du oinarri gisa hasieran saiakera literario bat izango zena ontzeko.
Liburuak poeta eta Moma museoko komisario burua izan zenaren bizitzaren zati baten berri ematen du. 1960ko uda. Espainiako Estatuko pintura eta eskultura berriaren lagin on bat biltzea da ideia, eta hautagaien artean daude nazioartean sona hartzen ari diren Oteiza eta Txillida artistak ere. Artea erregimen frankista zuritzeko baliatu ez dadin adi daude, aldiz, beste zenbait. Eta, bitartean, O’Harak, lanak lan, Vincent Warren dantzari eta maitalearengan du jarrita bere gogo biziena.
Bestalde, Oihane Jaka donostiarrak Itsaso amniotikoa lehen poema liburua kaleratu du Elkar argitaletxearen eskutik. Lanak askotariko minetan arakatzen du, bi ardatzen jirabiran: gertuko heriotza bat, batetik, eta haurduntze-erditzeek dakartzaten zalantza, arazo eta ezinegonak, bestetik.
Itxaso Martin idazle, kazetari eta antropologoak, bere aldetik, Ereinekin argitaratu du bigarren eleberria Puntobobo izenburupean. Emakumeen sufrimendua, osasun mentala eta familiarteko dinamikak ditu ardatz lan honek. Egileak estilo intimista eta soil batez idatzi du istorio honen errealitate gordina. Ez da eleberri kostunbrista bat, protagonisten psikologian sakonduz idazleak ateratako argazki gardena baizik.
Kultur Sharea atariaren kolaborazioa