«Zeharo harrituta gaude, eta oso eskertuta»
Donostiako Moriarti Produkzioak ekoiztetxeak jasoko du 2025eko Urrezko Danborra, urtarrilaren 20ean.
Donostiako Udalak argitu du nork jasoko duen 2025eko Urrezko Danborra. Bozeramaileen Batzordeak erabaki du Donostiako Moriarti Produkzioak zinema ekoiztetxeari ematea saria. Urtarrilaren 20an jasoko dute, San Sebastian egunean.
Jon Garaño (Ergobia, 1974) zinemagile eta Moriartiko kidearekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, eta beraientzat “ezustekoa” izan dela aitortu du: “Zeharo harrituta gaude, eta oso eskertuta. Ez genuen espero. Bagenekien hautagaien artean geundela, baina 100dik gora ziren. Eskerrak eman behar diegu gure izena proposatu duten guztiei”.
Ekoiztetxea donostiarra izanik ere, gipuzkoarrak dira kide gehienak. Horrela ere, guztiak Donostian bizi dira. “Horrelako sari bat jasotzeak edo aitortzak, poza eta harridura sortzen digu”, nabarmendu du Garañok.
“Lan egiteko modu bat” saritu dutela uste du zinemagile donostiarrak: “24 urte daramatzagu lanean gabiltza elkarlana sustatzen , eta hori saritu nahi izan dute. Istorioak hemendik eta hemengo jendearekin kontatu izan ditugu”.
Saria ematea erabaki dutenei ere eskerrak eman nahi dizkie Garañok, baita beraiekin elkarlanean aritu direnei: “Gurekin batera aritu diren lan talde tekniko, artistiko eta gainerako ekoiztetxeak ere sarituak sentitu behar dira”.