Aire berrientzako haizeak
Kartelak ez jartzea bueno, baina ez egitea? Ezin da esan gabe utzi esan nahi dena, bestela eztarrian minak datoz. Galeanok badu halako poematxo eder bat eztarriko minaz: «Ezin dut lorik egin. Emakume bat daukat betazalen artean zeharkatua. Ahal banu, joateko esango nioke, baina ezin dut, emakume bat daukat eztarrian zeharkatua».
Badu Galeanok beste bat, ederra, despedidetarako: «Bideetatik noa, San Fernandoren astoa bezala, pixka bat oinez eta beste pixka bat ibilian. Batzuetan ezagutzen dut neure burua besteengan. Ezagutzen naiz besteengan, lagun berokietan, justiziaren ero politetan eta edertasunaren xomorro hegalarietan eta bestelako alferretan jarraituz gauetako izarrak eta itsasoetako olatuak. Orduan, haiengan ezagutzen naizenetan, ni airea naiz, haizean neure burua etengabe ezagutuz. / Uste dute Vallejo izan zela, Cesar Vallejo, esan zuena haizeak airez aldatzen duela. / Ni jada ez nagoenean, haizea egongo da, egoten jarraituko du». Demagun lankide bati bidaia ona oparitzeko, eta haizeak dena berritzeko eskatzeko.
PD: azken orduan gogoratu naiz Aiora Enparantzak itzulitako Dacia Marainiren hau ere erabilgarri izan daitekeela azeri-pausoz bidaiatzeaz eta itzulerarako ateak irekita uzteaz: «Ni bihar goizean banoa / maletarekin edo gabe / zain dudalako han eta haratago / itzuleraren nostalgia».