Desastretik gertu, aurrera egin du Realak
Kopako final-hamaseirenetako zozketan egongo da Reala, baina ez egotetik oso gertu egon da, kostata irabazi baitzion ostegun gauean Conquenseri (0-1). Reala baino hiru kategoria beherago dago Cuencako taldea, Espainiako Futbol Federazioko bigarren mailan, baina, meritu handiarekin, luzapenera eraman zuen talde txuri-urdina.
Hain zuzen ere, luzapenaren hasieran heldu zen partidako gol bakarra, Brais Mendezen eskutik, erdiraketa bat bikaintasunez sarera bidaliz. Ordea, oso neurketa eskasa jokatu zuten txuri-urdinek; ordezko jokalariekin atera zen Imanol Alguacil zelaira eta argi gelditu zen ohiko jokalarien mailatik oso urrun daudela egun, ez baitzuten arrisku handirik sortu Cuencakoen atean. Nabarmentzekoa da, halaber, Conquenseren planteamendua, Realaren erasoei eustea lortu baitzuen, seriotasun handiz, eta oso gertu izan zuen txuri-urdinak menderatzea.
120. minutuan epaileak amaiera adierazi zuen arte, urduri egon ziren zale txuri-urdinak, izan ere, Conquense amaierara arte saiatu zen; hain zuzen ere, 118. minutuan Marrero atezainak gelditu behar izan zuen etxekoen jaurtiketa bat. Alguacilek ordezko jokalariei pilak jartzea komeni, maila oneko plantilla zabala behar baita hiru lehiaketatan urrun heltzeko.