Erakusketa batean jaso dute 25 urteko ibilbide emankorra
Intxaurrondoko Plazara Goaz euskara elkarteak 25. urteurrena borobildu du. Abenduaren 27ra bitarte, elkartearen historia jasotzen duen erakusketa ikus daiteke Intxaurrondoko kultur etxean.
Euskararen kale erabilerak gora egin du Intxaurrondon, Soziolinguista Klusterraren azken neurketaren arabera. 2016an %9,7koa zen euskararen erabilera, eta 2021ean %12,9koa —Donostia osokoa, berriz, %15,3koa—. Horrek lotura zuzena du Intxaurrondoko Plazara Goaz euskara elkarteak azken 25 urteotan egin duen lanarekin. «Euskalgintza eta herrigintza sustatzen ahalegindu gara. Auzo nahiko erdalduna da oraindik, baina euskararen erabilera hazi egin da azken urteotan. Espero duguna da gure elkarteak horretan eragin izana», adierazi du Mertxe Iñigo euskara elkarteko kideak.
Plazara Goazen 25. urteurrena ospatzeko, jarduera asko antolatu dituzte urtean zehar, baina bereziena abenduaren 3an egin zuten, Euskararen Egunean. Urtetan bidelagun izan dituztenekin elkartu ziren Intxaurrondo Kultur Etxean, eta elkarrekin inauguratu zuten euskara elkartearen historia jasotzen duen argazki erakusketa. Auzotarrekin elkartu, bizipenak elkarrekin konpartitu, eta propio prestaturiko bertso bat ere kantatu zuten. Erakusketa hilaren 27ra bitarte ikusi ahal izango da.
«Atzera begira jarrita, 25 urteotako lanak merezi izan duela uste dugu, eta lagungarria izan dela Intxaurrondo euskalduntzeko. Gainera, etenik gabe aritu gara, eta hori pozik egoteko modukoa da», nabarmendu du Iñigok. Horrela ere, auzoan «eraginkorragoak» izan nahi dutela aitortu, eta Intxaurrondon «erreferente» bihurtu direla uste du: «Betidanik saiatu gara haurrengan eta gazteengan eragiten. Horrekin batera, harrera oso ona dute antolatzen ditugun San Joan jaiek eta Euskararen Egunaren inguruko gure jarduerek».
Hogei ordu eta egun euskaraz
Plazara Goaz elkartearentzat «mugarria» izan zen 2017. urtea, Iñigoren arabera. Bi egitasmo esanguratsu egin zituzten, «Euskaraldiaren aurrekari gisa har daitezkeenak». Lehenik, Baietz 20 ordu euskaraz! erronka egin zuten, urte hartako martxoaren 31n eta apirilaren 1ean. Bigarrenik, Baietz 20 ordu euskaraz! erronka, azaroaren 13tik abenduaren 3ra arte. «Biek harrera oso ona izan zuten». Guztira, 600 auzotarrek parte hartu zuten: «Ikusi genuen badagoela euskara gehiago erabiltzeko gogoa eta auzoan aldaketak egiteko ilusioa».
Euskaraldiarekin lotuta, berriz, bi ariketa garrantzitsu egin zituen Plazara Goazek. 2018an egin zen Euskaraldian 1.355 auzotarrek parte hartu zuten. 2019an, berriz, Nitik haratago! Baietz 11 Intxaurrondon! egitasmoa antolatu eta auzoko hamalau entitaterekin elkartu ziren. Aipaturikoez gain, elkarteak sustatu zuen Izarrak Plazara lehiaketa nabarmendu du Iñigok. «2012an sortu genuen haurrentzako eta gazteentzako talentu lehiaketa. Sekulako parte hartzea eta arrakasta izan zuen, eta gure auzotik hiri mailara egin zuen jauzia».
Historia bizia
25 urte beteta, «bizirik» dago Plazara Goaz euskara elkartea, eta gogotsu daude aurrera begira. «Urteurrena gaindituta, hausnarketa prozesu bat egingo dugu. Nondik jo erabaki nahi dugu, auzoan eragiteko eta eraginkorragoak izateko helburuarekin», azaldu du Iñigok. Bitartean, urtero antolatzen dituzten jarduerak mantendu eta indartuko dituztela gaineratu du: «Esaterako, Intxaurrondon antolatzen ari garen ibilaldiekin jarraituko dugu, harrera polita izan ohi dutelako».
Soziolinguista Klusterrak 2026an neurtuko du berriz ere euskararen kale erabilera. Ordurako, Intxaurrondoko euskararen osasuna «are hobea» izateko lan egingo du Plazara Goazek.