Ijito herria, prekaritatearen eta ikusezintasunaren artean
Azaroaren 16an Euskal Ijitoen Eguna ospatu zen, eta, aitzakia hori hartuta, Donostiako ijito komunitatearengana hurbildu gara Ijitoen Idazkaritza Fundazioaren bitartez. Argazki gordina uzten dute: bazterkeria soziala eta laborala, are gehiago handitzen doan arrakalan.
Munduko hainbeste herriren moduan, haien burua izendatzeko erabiltzen ez zuten izenez ezagutzen da ijito herria. Euskal Herrian ere izan dituzte hainbat izen: egiptianoak, buhameak, moztaileak… Egiptiano horren garapena da, hain zuzen, ijitoa. Baina beste herri askorekin ez bezala, ijitoena ez da arrotza gurean. Mendeak dira Euskal Herrira etorri zirela —nondik horren argi ez dagoen arrean—, eta kultura propioa mantendu duten arren, beste kulturekin bat egin dutela.
Ijitoen Idazkaritza Fundazioaren helburua ijito komunitatearen bizitza hobetzea da. Kasu honetan, Donostian, formazioa eta enplegua dituzte ardatz nagusi. Gazteentzat eta helduentzat. Elixabete Iriartek hamabi urte daramatza elkartean lanean, eta, azaldu duenez, aurten 277 lagunei eman diete formakuntza; %70, 30 urtetik beherakoak.
Lan mundura sarbidea erraztea da helburua. «Lanak laguntzen dielako bizi baldintzak hobetzen», eta gizartean «bat gehiago izaten», Iriarteren esanetan. Ijitoen komunitatean portzentaje handi batek formakuntza arazoak dituela onartu du Nuria de la Cruz EAEko idazkariak: «Horrek zaildu egiten du lanera sarbidea; baina, bestetik, diskriminazio handia egoten jarraitzen du».
«Gertatzen dena da enpresa batek ijitoren batekin esperientzia txar bat izan duela eta guztientzat balio duela. Eta, beraz, ez dituztela kontratatzen. Baina ulertu behar da ijito kultura heterogeneoa dela», gehitu du De la Cruzek.
Horregatik, ijito komunitatearekin lan espezifikoa egin behar dela uste dute, «lan eta hezkuntza mundutik baztertuak» daudelako. Lan munduaren bazterkeria egoera hau etxebizitzan ere ematen da: «Donostian ia ezinezkoa da etxebizitza bat alokatzea, eta ijito komunitatearentzat are zailagoa da: etxejabe askok ez dute ijitorik nahi maizter gisa», dio Iriartek.
Estigma
Bizi baldintzez gain, estigma handia dagoela uste dute, eta horren inguruan lan egitearen beharra nabarmentzen dute. EAEn egin diren azken ikerketan arabera, ijitoak eta magrebtarrak dira euskaldunen artean estigma handiena duten herritarrak.
Ordea, datuak adierazgarriak direla dio Iriartek: «Galdetzen zaie ea ezagutzen ote duten ijitorik, eta gehiengoak ezetz dio». Eta horixe da gertatzen dena: «Batek egiten duena beste askok ordaintzen dute».
Arazo txiki asko sortzen dira honela: «Emakumeen kasuan, adibidez, establezimendu batera sartzerako orduan, izugarrizko kontrola izaten dute», azaldu du De la Cruzek. «Haiekin joan izan naiz, eta benetan harrigarria da ze presio izaten duten. Dendan sartu eta norbait zeure atzetik sentitzea zer den».
Antitziganismoaz hitz egiten da elkartean. «Erabateko arbuioa dago, baina ezezagutza ere erabatekoa da».
Herri bat, kultura asko
Datorren urtarrilean, 600 urte beteko dira ijito herria Espainiako Estatura heldu zenetik. Edo behintzat, ijito herriaren inguruko lehenengo idatzia agertu zenetik. Ordutik, Espainian zehar, eta baita Euskal Herrian zehar ere bizi izan den herria izan da. Hasieran, nomada gisa, baina gerora, lur hartuta.
Tira, legeek hala uzten zieten bitartean. Zeren, ijito herriak mendeetan zehar izugarrizko jazarpena izan du Europa osoan, ijitoen kontrako legeekin, atxiloketekin eta deportazio masiboekin. Donostian akta zaharrik ez dagoen arren, inguruko herrietan hamaika dira XVIII. mendetik aurrera ijito komunitateen kontrako sententziak. Harrigarrienetako bat da 1980. urtean, Hernaniko Udalak hartutako erabaki bat: ijito komunitate bat kanporatzeko erabaki hartu zuten HBk, EEk eta EAJk, sortzen zituzten «segurtasun» eta «higiene» arazoengatik. Zorionez, bertan behera utzi zuten neurria, ijito elkarteek egindako lanari esker.
Horrenbeste urtez, horrenbeste eraldaketa izan dituenez, zaila da hitz egitea ijito kultura batez. «Herri bat gara, baina familia bakoitzak bere ohiturak ditu; ez da kultura homogeneo bat. Familia euskaldunagoak eta espainiarragoak direnak daude, adibidez», azaldu du Brayan Altimasberesek. Ijito hernaniarra da bera, eta Loratuz Lotu trans ikusgarritasunaren elkarte batean lan egin ondoren, fundazioan dago egun.
Ijito herriaren «balio unibertsalen» artean kokatzen du, adibidez, «familiaren balioak mantentzea». «Akaso, atzerakoia dirudien arren», ijito herriarentzat garrantzitsua da, «leinua mantentzea». Bestetik, «hildakoei ohore egitea eta haien memoria mantentzea oso garrantzitsua» da. Baita «zaharrenei errespetua mantentzea» ere.
«Nik erabakitzen dut ijito gisa irakurriko nauten edo ez; ijito gisa ikusezin bihurtzen naiz»
Bryan Altimasberes, Ijito Idazkaritza
Ijitoen kulturan egunerokotasunak izugarrizko garrantzia du, Altimasberesentzat: «Egunerokoan pentsatzen dugu, ahalik eta gehien gozatzen saiatuz, nahiz eta horrek, askotan, etorkizunean ez pentsatzea dakarren, eta ondorioak badituen».
Honela azaltzen du: «Historia nomada bat dugu, baina urte mordoa daramagu sedentario gisa. Nire familiaren jatorriaren berri izan dut duela gutxi, eta lau belaunaldi daramagu Euskal Herrian, baserria ere izan zuten. Ijitoa izateak ez du esan nahi euskaldunak ez garenik».
De la Cruzek aipatu duenez, badago zerbait oso inportantea ijito komunitateetan: «Askatasuna oso inportantea da». «Patriarkek erabaki garrantzitsu asko hartzen dituzte: familia arazoak, bikotekideen artekoak, bizilagunen artekoak. Honela, delituak ez diren problematikak ebazteko erakunde propioak dituztela esan daiteke», azaldu du.
Ikusezin bilakatzea
Iriartek hamabi urte daramatza fundazioan lanean, eta ondo ezagutzen ditu komunitate ezberdinak: Zumarragan, Beasainen, Hernanin, Donostian eta Irunen daude komunitate esanguratsuenak. Donostiako kasuan, eta historikoki etxebizitzaren arazoaren ondorioz, ekialdeko auzoetan daude: Intxaurrondon eta Altzan, batez ere. «Oso errotuak» dauden komunitateak izanik, arraroa da haien herrietatik mugitzea: «Irungoak ez dira Irundik ateratzen».
Garraio publikoaren inguruan gogoeta egiten du Altimasberesek: «Guretzat, oso arraroa da garraio publikoa hartzea. Txikitatik autoan mugitu naute ni batetik eta bestera, eta ez gara sozializatu hor». Zergatik galdetuta, argi dauka: horrelako espazioak ez dira erosoak ijitoentzat, igotzen diren unetik begiradak eta komentarioak jasan behar izaten dituztelako. «Segurtasun falta sentitzen dugu, epaituak garelako».
«Ezagutzen dugunean estereotipo horiek betetzen ez dituen ijito bat, orduan ez dugu ijito gisa ikusten»
Nuria de la Cruz, Ijito Idazkaritza
Ikusezin egiteko beharra sentitu izan du Altimasberesek. «Nik erabakitzen dut ijito gisa irakurriko nauten edo ez; askotan ijito gisa ikusezin bihurtzen naiz, horregatik». Baina beti ez da horren erraza, janzkeragatik, orrazkeragatik… jendeak ijito estigma egozten dielako.
Gogoeta dator: «Ni onartua izateko nire ijito ezaugarriak ezabatu behar baditut, arazoa, beraz, ez da nirea. Ijito munduak eta payo-en munduak gogoeta partekatua egin behar du, geure identitatea onartzen ikasteko».
Eliza ebanjelikoa
Erlijioa oso garrantzitsua da ijito komunitatean: «Gure familia katolikoa izan da betidanik, baina azken urteetan aldaketa handi bat egon da; eliza ebanjelikoa».
AEBetatik dator korronte hau eta «ijito herria kontrolatzeko» asmoz sortu zen, eta azkar zabaldu zen, Altimasberesek azaldu duenez. Zabaltzeko arrazoiak ezberdinak dira, eta ez daude oso argi: «Komunitate sentimendua indartu egin du erlijioak. Eta, aldi berean, beste komunitateengatik apur bat urrundu duela esan daiteke».
De la Cruzek uste du «babestuagoak» sentitu direla bertan: «Errezatzeaz gain, disfrutatzeko espazio bat da, eta, batez ere, elkarrekin egoteko eremu bat». De la Cruzek azaldu duenez, De la casilla no me salgo kanpaina egin zuten duela urte batzuk fundazioan: «Lan egitera zihoan mutil bat agertzen zen, baina ezin zuen laukitxotik atera. Zergatik? Laukitxoan babestuta zegoelako, bertan ez zuelako inork epaitzen, komunitate baten parte zelako…». Uste du erlijioarekin antzeko zerbait ari dela gertatzen, eta ijito komunitateak «espazio seguruak» bilatzen dituela.
Kultura matxista?
Ijitoen inguruan dagoen beste uste bat da komunitate matxista bat dela. Aho batez egin dute erantzuna hiruek: «Eta zein komunitate ez da matxista?». De la Cruzek argi du jarrera aldaketa handiak ari direla ematen, gizartean ere ematen ari diren moduan.
«Gizarte patriarkal batean gaude, eta, denok gara matxistak azken finean», dio Altismasberesek: «Rol tradizionalak mantentzea egozten zaie ijitoei, baina hori nondik dator? Irungo Kera elkarteko Palmira Dualek kontatzen duenez, lehen, ijito emakumeak kalean zeuden, jendearekin, sozializatzen, eta emakume payo-ak etxean zeuden, familia zaintzen, etxea zaintzen, eta abar. Eta orain eraldatu egin da: emakume ijitoak etxean ematen dute denbora gehiago, akaso. Baina lehen bat matxista zen eta bestea ez, eta orain bai? Gogoeta egin behar da nondik esaten den eta zergatik».
Lan prekario eta ezkutatuak
Gaur egungo gizartean sozializazio gehiena kontsumoaren bidez, ikasketen bidez, edo lanaren bidez egiten da. Ordea, ijito komunitatea hortik kanpo egon ohi da, eta, horrek, are gehiago baztertzea dakar.
Donostian, tradizionalki merkatu saltzaile izan dira. «Anoetan egiten zen lehen, eta orain Loiolan», merkatua. Ordea, onartu dutenez, gero eta gutxiagoren bizibidea da honakoa. «Jaietako barraketan antzeko, asko galdu da bertako familietan ogibide hau, akaso Espainian oraindik tradizio handiagoa dago», dio Altismasberesek.
Ijito herriak tradizionalki egin dituen lanak «arautzen» joan diren heinean, lan horiek bideraezin bihurtzen joan dira: txatarra saltzea, abereei ilea moztea…
Eta, egun, zerengatik ordezkatu dira lan hauek? Iriartek kontatzen duenez, mezularitza zerbitzuetan egiten da lan asko, Amazon eta gisakoetan. Baita ere almazenak ordenatzen, emakumezkoak garbiketa lanetan, supermerkatuetako birjartze lanak egiten… «Kualifikaziorik gabeko lanetan jarraitzen dute. Eta bereziena: jendaurrean lan egin behar ez denetan».
Ijito herriaren lan munduratzea errazten saiatzen dira; oraindik orain, diskriminazio handia baitago Donostian
Altismasberesek onartzen du ez dela erraza lana bilatzea: «Nik badakit ez nautela hartu tabernetan lan egiteko ijitoa naizelako. Momentuan ez dizute esaten, baina gero jakin izan dut».
Emakumeei asko kostatzen zaie onartzea ijitoak direla, batez ere lanpostura sartzeko, edo behin lanean egonda: «Hainbat hilabete edo urteren buruan ateratzen dira armairutik». Altismasberesek gehitzen du: «Noski, zeren gauetik egunera zure inguruko usteak aldatzen dira. Nire lehengusinak, adibidez, hogei urte daramatza Bershkan, eta oraindik entzun behar izaten ditu komentario arrazistak…».
Ijito herriaren argazki gordina uzten du honek: edo lan kualifikatu gabeak edo, bestela, ikusezin bihurtu diren ijitoak dira.
Hezkuntzan lan egitearen beharra
Kanpaina berri bat abiatu dute fundazioan, ijito herriaren eskola porrotaren inguruan kontzientzia hartzeko: «Zergatik dago horren porrot handia? Ez da soilik ijito komunitatearekin, baizik eta bestelako komunitate zaurgarriekin ere ari da gertatzen», azaltzen du De la Cruzek. Kanpaina honen bidez, erakundeak eta eskola komunitatea kontzientziatu nahi dute, ohartaraziz «ez direla nahikoa egiten ari, eta bitarteko bereziak jarri beharko direla». Altismasberesek jarri dio puntua gaiari: «Arrakala ekonomiko handia dago, eta beraz, adibidez, klase partikularrak ezin dira lortu». Euskararen irakaskuntza aipatu du ere: «Ingurune euskaldunetik ez datozen gazteak lagundu behar ditugu, bestela ez dute behar bezala ikasiko, eta ikasten ez badute, baztertuagoak izango dira».
«Hezkuntza oinarria da, eta hori ez badago beste guztia erori egiten da», dio Irirartek. Gainera, hezkuntza bi aldekoa izan behar dela aldarrikatzen dute. «Ezagutarazi egin behar da ijito herriaren nortasuna, historia. Eta pertsona bakoitza mundu bat dela: ijito euskaldunak, portugesak, errumaniarrak, espainiarrak… denetarik dugu hemen, eta lan handia dago egiteko».
Ezezagutza borrokatuz
Ados daude hiruak: Ezezagutza da arazoa. «Estereotipoak argi daude: lapurrak, alferrak, zikinak… Eta ezagutzen dugunean estereotipo horiek betetzen ez dituen ijito bat, orduan ez dugu ijito gisa ikusten. Ijitoa da, baina ez dirudi, esaten dute».
Altimasberesek gogoeta egiten du herrian onartzeko prozesuaren bidez: «Gizartearen estandarren barruan sartzen bazara errazago onartzen zaituzte; hau da, ijito izaerari uko egin behar zaiola onartua izateko. Ijito eta payo-en arteko harremana ez bada guztiz horizontala bien aldetik, konpondu beharko da, eta gogoeta bi aldekoa izan behar da».
Honela, ijito herriak prekarizatutako errealitateari aurre egiten jarraitzeko lanean dihardute fundaziotik. Ezezagutza borrokatuz, eta batez ere, oinarrizko eskubideak izateko ikusezin bihurtzeko beharrik gabe.