«Istorio eder bati bizitza luzatzeko modu ezin hobea dela iruditzen zait»
Dejabu konpainiak eta Paula Estevez (Intxaurrondo, 1984) ilustratzaileak 'Linbo planeta' (Elkar) komikia argitaratu dute. Irudimenaren alde eginez, gerren errealitate gordina haurrei gerturatzeko saiakera bat da.
‘Linbo planeta’ antzezlana izan zen aurrena, eta orain komikia ere bada. Erraza izan da istorioa nobela grafikora eramatea?
Erronka izan da niretzat antzezlana komiki bihurtzea. Gehienbat, antzezlanek oholtzara lotutako izaera dutelako, hau da leku bakar batera mugatuta daude eta ikuspuntu bakar batetatik ikusten du publikoak bertan gertatzen dena. Komiki bihurtzeko eskaera eta gidoia jaso nituen bezain laster, konturatu nintzen istorioak mugimendua eta dinamismoa behar zituela komiki gisa erakargarria izateko.
Dejabu konpainiak 2017an estreinatu zuen antzezlanarekin alderatuta, zertan da berdina eta desberdina komikia?
Pertsonaien xarma eta bizitasuna mantendu nahi izan ditut. Antzezlanean, Miren Alcala eta Alvaro Garaialde aktoreek bete zituzten Numa eta Linbo protagonisten rolak. Haien lan itzelari esker, atrezzo gutxi behar zuten ikuslea adi mantentzeko. Nik oinarri hori mantendu dut, pertsonaiak dira liburu guztian zehar istorioaren zama daramatenak, baina komikian ingurumenak beste dimentsio bat hartzen du.
Normalean, eleberriak eta nobela grafikoak izan ohi dira antzezlan eta ikus-entzunezkoen oinarriak. Kasu honetan, alderantziz da, ezta?
Bai, istorioek normalean kontrako bidea egin ohi dute. Baina, edozein kasutan, istorio eder bati bizitza luzatzeko modu ezin hobea dela iruditzen zait, eta jende gehiagorengana iristeko aproposa. Asmo honekin, Dejabuk marrazkilarien laguntzaz argitaratutako bigarren komikia da hau. Lehena, Habiak (Txalaparta 2013) izan zen, Maite Gurrutxaga marrazkilariarekin batera egindako lana.
Errealitate gordin bat da komikiaren oinarria. Numa neskatila gerrak suntsituriko hiri batean hala moduz bizi da. Tamalez, munduan badira halako errealitatea bizi duten haurrak. Beraz, egun bizi dugun errealitatearen lotura du komikiak?
Tamalez, edozein garaiko errealitatea da hau leku batean edo bestean. Dudarik gabe, istorio honek Palestinako sarraskiarekin lotura zuzena du, baina, esan moduan, antzezlana 2017an estreinatu zen, 2023ko urriaren 7a baino askoz lehenago.
Bakarrik bizi den haurrak Linbo txakurrarekin topo egiten du, eta dena aldatzen da?
Bai, ordura arte haurra bakarrik bizi da, bere irudimenean galduta. Linbok errealitatera hurbiltzen laguntzen dio, eta bakarrik egoteari uzteak itxaropena berpizten du Numarengan.
Bi protagonistek bidaia ahaztezin bat abiatzen dute galaxian zehar. Bientzako ihesbide bat da?
Bidaia da ihesbidea, gustuko dituzten izar eta planeten artean leku baketsu batera iristeko esperantza baitute.
Izan ere, istorioaren muinean beste balio batzuk ere islatzen dituzte protagonistek. Esaterako, askatasuna.
Dauden egoera latzetik irteteko beharra dute pertsonaiek. Lur eremu zabal batean bakarrik egon arren, erasoak jasaten dituzte noizbehinka, eta askatasuna lortzeko bide bakarra arbasoek egiten zuten antzera, izarrei jarraika bidaiatzea da.
Eta ‘Linbo Planeta’, non dago?
Gure galaxian izan daiteke, edo beste batean… hau da komikian zehar Numak bere buruari errepikatzen dion galdera.
Komiki irakurterraza, arina eta irudimentsua dela dio argitaletxeak. Zergatik?
Istorioa modu jostagarri batean dago kontatuta, gerraren gaia haurrei gerturatzeko aitzakiarekin. Komikiko irudiek, Numaren pentsamenduek bezalaxe, errealitatetik irudimenera salto egiten dute behin eta berriz liburua arinduz.
Haurrei zuzenduriko komikia da, baina helduek ere irakurri beharrekoa?
Haurrentzako liburu askoren antzera, heldu baten laguntzarekin irakurrita, beste dimentsio bat hartuko du istorioak. •