'Puzzleak. Bortxaketaren jauregia' filma Goya sarietako aurretiazko aukeraketan sartu dute
Kote Cabezudo argazkilariaren biktimetako baten ahotsa du protagonista film laburrak.
Kote Camacho zinemagileak aurten ondutako Puzzleak. Bortxaketaren jauregia film laburra aurre aukeratua izan da 39. Goya sarietarako, film labur dokumental onenaren sarirako lehian. Guztira, hamazazpi lan daude lehia horretan, eta Espainiako Zinema Akademiako kideek hilaren 13ra arte dute bozkatzeko aukera; bozketa horretatik aterako dira sarietarako izendatuta egongo diren laurak.
Kote Cabezudo argazkilariaren eta erasotzaile donostiarraren biktimetako baten ahotsa du protagonista film laburrak, eta Filmin plataforman dago ikusgai. Komiki Films ekoiztetxeak ekoitzi du lana, TAZ Banaketak ari da banaketa egiten, Elena Setien arduratu da musikaz, Nagore Ezeiza muntaketaz eta aktoreak Enara Martinez, Maddi Goikoetxea, Clara de Pin eta Mikele Arizkorreta dira.
Bestalde, hainbat sari jaso ditu aurten: Bilboko Film Sozialak jaialdiko Hezkuntza Saria, Sax zinema jaialdiko Dokumental Onenaren Saria, Nafarroako zinema jaialdiko Dokumental Onenaren Saria, Kursaal jaialdiko Dokumental Onenaren Saria eta 47. Euskal Zine Bilerako Publikoaren Saria eta epaimahaiaren aipamen berezia.