Kasino zaharreko 1922ko artelan bat, San Telmo museoan ikusgai
Nabarmendutako Obra programaren barruan, San Telmo museoak erakusketa iraunkorreko arte historikoaren aretoan ikusgai jarri du Nestor Martin Fernandez de la Torre artista kanariarrak 1922an egindako izenbururik gabeko lana. Desagertutako Kursaal kasinoko hall handiaren horman zeuden lau mihiseetako bat zen margolan hori —laurak artista berarenak ziren—, orain koadro tankeran aurkeztu dutena.
Jatorriz, dimentsio handiko (254 x 184 zentimetro) horma margo bat da (marouflage, kasu honetan horman itsatsitako mihise gaineko olioa), bi pertsona irudikatzen dituena. 1972an, eraikina eraitsi behar zutenean, bere ondarearen parte batzuk gorde zituzten. Besteak beste, aipaturiko lau mihise horiek harrizko euskarritik erauzi zituzten eta, koadro gisa gordeta, hainbat tokitan barreiatu ziren. Horri esker, nahiz eta urte askotan sakabanatuta egon, eraikin ikoniko hartako obra batzuk berreskuratu ahal izan dira. Hain zuzen ere, museoak berriki eskuratu eta zaharberritu du horietako bat, eta hilaren 10etik 2025eko apirilaren 27ra bitarte egongo da ikusgai.
Artista eta obra
Artista kanariarrak modernismoarekin eta sinbolismoarekin harreman estua izan zuen, estilo akademizistekin apurtzen zuen pintura bat jorratuz eta arte berri askeago bat garatuz. Museoak azaldu duenez, premisa horiek ikusgai egiten dira Izenbururik gabe obran.
“Izenbururik gabe mosaiko bat imitatzen duen urre koloreko hondo baten gainean eta ardatz bertikal batean, monumentaltasun handiko bi irudi agerian uzten dituen tamaina handiko obra sinbolista da. Bi gorputzak androgino samarrak dira, beren garaiko moraltasunari desafio eginez, sentsualitate eta sentiberatasun handiko dantzaldi batean elkarrekin nahasten direnak. Pertsonaiak bizitasun eta kolore saturazio handiko oihal delikatuez erdi estaliak daude, berreskuratutako aurpegietako antzerki makillajea bezala. Bere irudi luzangak neurriz kanpokoak dira, artistak perspektiba egokia kontuan hartu zuelako bere jatorrizko kokapenean, altuera handian, bistaratze egokia izateko”, azaldu du San Telmo museoak.
Jarduerak
Hainbat ekitaldi antolatu dituzte obraren inguruan: bisita gidatuak eta obraren, kasinoko ondarearen eta egilearen xehetasunak ezagutzeko hitzaldiak. Gainera, San Telmo museoak eta Casino Kursaal Luckiak sinatutako hitzarmenari esker, kasinoak mu-seoari lan honi buruzko jarduera antolatzeko babesa emateaz gain, ikus-entzunezko bat egin du antzinako Kursaaletik berreskuratutako pintura ondareari buruz. Abenduaren 12an estreinatuko da, lehen hitzaldiaren testuinguruan. Xehetasun guztiak hemen dituzue.