Mantak eta berokiak «premiaz» behar ditu Harrera Sareak
Azken egunotan, neguko hotza nabarmen sumatzen hasi da Donostian, eta, ohiko legez, kale egoeran dauden pertsonen egoera are gehiago okertzen da sasoi honetan. Hori dela eta, Donostiako Hiritarron Harrera Sareak laguntza eskatu die herritarrei.
Alde batetik, diru bilketa abiatu dute, kamiseta termikoak erosi eta kalean lo egiten duten pertsonen artean banatzeko; Bizum bidez (00980 zenbakira) eta transferentzia bidez (ES44 2095 5013 7091 1957 7666) egin daitezke ekarpenak, operazioan Kamiseta termikoak kontzeptua jarrita. Bestetik, mantak eta berokiak “premiaz” behar dituztela nabarmendu dute; halakoak dohaintzan eman nahi izanez gero, sarearekin harremanetan jarri behar da, sare sozialen bidez (@harrerasarea) edo redacogidaciudadana@gmail.com helbidera idatzita.
La Sirena itxita
Kale egoeran dauden pertsonekin lan egiten duten Donostiako eragile eta norbanakoen aspaldiko aldarrikapen bat ekarri dute hizpidera beste behin ere Harrera Sarekoek: Ondarretako La Sirena aterpetxea egunero irekitzea: “Urteroko legez, salaketa jartzen jarraituko dugu, eta Donostiako Udalari aterpetxe gehiago jartzeko eskatzen, La Sirena urte osoan irekiz eta, nolanahi ere, negu osoan zehar, hirian kale egoeran dauden 400 pertsona baino gehiagok horrelako egoera gogorrari aurre egin behar izan ez diezaioten, beren osasuna eta aurrera egiteko aukerak okertuz”.
Gogoratu behar da, hain zuzen ere, azken zenbaketak datu adierazgarria mahaigaineratu zuela: 413 pertsona zenbatu zituzten Donostiako kaleetan lo egiten: 370 gizon, 24 emakume eta sexua zehaztu ezin izan zuten beste hemeretzi pertsona. Bestalde, berriki, La Sirena negu osoan irekitzearen alde egin du Arartekoak.