«Milaka donostiarrengan izango du eragina»
Osakidetzak Amara Berri harturiko azken erabakiaren aurrean, elkarretaratzea egin du DOPA Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko plataformak.
Murrizketarik ez! Ez udan, ez neguan lelopean elkarretaratu ziren hilaren 7an, Amara Berriko anbulatorioaren aurrean. Hain zuzen ere, Osaskidetzak auzo horretako osasun zentroan asteburu eta jaiegunetan eskaintzen zen Etengabeko Arreta Gunea (EAG) ixtea erabaki duela jakinarazi du DOPA Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko plataformak. Horrela, hainbat herritarrek bat egin zuten larunbatean protestarekin.
Salatu dutenez, “itxialdi honek, Eusko Jaurlaritza egiten ari den osasun zerbitzu publikoen murrizketei gehituta, milaka donostiarrengan izango du eragina, hemendik aurrera urrutiago dagoen beste EAG batera joan beharko baitute”. “Osasun zerbitzu publikoen aurkako kolpe berri hori koldarkeriaz jo dute, herritarrei horren berri eman gabe, eta, paradoxikoki, osasunari buruzko Euskal Ituna egiteko prozesu betean, ustez Osakidetzaren egoera hobetu nahi duena”, gehitu dute.